Turistak azokara erakartzeko kanpaina abiarazi du Gernika-Lumoko Udalak
Gernika-Lumoko astelehenetako azoka «Euskal Herrian geratzen den tradiziozko merkatu bakarrenetakoa» dela eta, Gernika-Lumoko Udalak baserritarrek solotik plazara zuzenean eroaten dituzten produktuak sustatzeko kanpaina jarri du abian: Gernikako aste...
Gernika-Lumoko astelehenetako azoka «Euskal Herrian geratzen den tradiziozko merkatu bakarrenetakoa» dela eta, Gernika-Lumoko Udalak baserritarrek solotik plazara zuzenean eroaten dituzten produktuak sustatzeko kanpaina jarri du abian: Gernikako astelehenak. Astelehenero turismo bulegotik pasatzen diren bisitarien artean kanpainarako beren-beregi prestatutako eskuorriak banatuko dituzte, herriko beste interesguneez gain Merkatu plaza be ezagutu dezaten.
Sasoian sasoiko produktuak bereizteko argibideak emoten dizkiote bisitariari eskuorrietan, eta baita baserritarragaz euskaraz aritu ahal izateko hiztegi txiki bat be. Halaber, azokak baserritarren saltokietan egindako gastuaren kontrola eta baliabide turistiko horri buruzko inkesta jasotzen du eskuorriak.
Asteleheneroko azoka entzutetsua ezagutzeaz gain, sari bat irabazteko aukera be edukiko dute bisitariek. Horretarako, erosketa kontrola eta inkesta turismo bulegora eroan beharko dituzte bisitariek, eta, ostean, asteburu bateko egonaldi baten zozketan sartuko dira.
Hainbat helburu
Udalak zehaztu duenez, gastronomia, hizkuntza eta bizitzeko modua sustatzea da kanpainaren helburua. Bestetik, lehenengo sektorea aintzatestea, azokan eta ostalaritza establezimenduetan egiten den gastua areagotzea eta Urdaibai sustatzea dira kanpainaren beste helburuetako batzuk.