Bidegorriaren aldeko sinadura bilketa hasi dute
Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimena “bizikletan seguru, egunerokotasunean eta eroso ibiltzeko beharrezkoa” den bidegorriaren aldeko izenpeak biltzen hasi da asteburuan, 2010ean 50 bat elkarteren babesagaz hasitako bideari jarraipena emanez. Mugikortasun Iraunkorraren Astea baliatuta ekin dio kanpaina berriari, eta helburua “Gernika-Lumoko herritarrek orain arte zabal eta ozen adierazi duten nahia bidegorriaren agirietan jasota” geratzea da. Halaber, “Gernika-Lumoko Udalak bizikleten eta bidegorriaren inguruan erakutsi duen interes ezari erantzun egokia eta irmoa” eman gura diote. “Sinatzaileek udal gobernuari exijituko diote bete dezala, hitzez hitz, Gernika-Lumoko udalbatzak onartutako mozioa”. Gernika-Lumoko Udalbatzak 2011ko martxoaren 30ko osoko bilkuran aho batez onartutako Bidegorridxe Gernika-Lumon Ekimenak sustatutako mozioa: Gernika-Lumoko Udaleko formazio politikoak Bidegorridxe Gernika-Lumon Manifestuaren berri izan du, hain zuzen ere, gure hiribilduan bizikletaren erabilera bultzatu eta, orokorrean, mugikortasun iraunkorra ahalbidetzearen alde egiten duena. Manifestu hau Gernika-Lumoko gizarte, kirol eta hezkuntza arloko erakunde ugarik eta anitzek bultzatu eta babestu dute. Ezinbestekotzat jotzen dugu mugikortasuna iraunkorra sustatzea Gernika-Lumon zein Busturialdea-Urdaibaiko eskualdean. Bizikletaren erabilera normalizatu eta seguruak, gure hiribildua zirkulazio ziklablera egokitzeko neurriek lagundurik, Gernika-Lumoren mugikortasuna, bizi-kalitatea eta ingurumena hobetzen lagunduko dute. Ondorioz, bat egiten dugu Bidegorridxe Gernika-Lumon Manifestuaren edukiarekin (ikus eranskina). Horregatik, Osoko Bilkurara ekarri dugu ondoko MOZIOA, Gernika-Lumoko Udalak aintzat har ditzan hurrengo eskaerak: Mugikortasun iraunkorra bultzatzea, batez ere [...]
Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimena “bizikletan seguru, egunerokotasunean eta eroso ibiltzeko beharrezkoa” den bidegorriaren aldeko izenpeak biltzen hasi da asteburuan, 2010ean 50 bat elkarteren babesagaz hasitako bideari jarraipena emanez. Mugikortasun Iraunkorraren Astea baliatuta ekin dio kanpaina berriari, eta helburua “Gernika-Lumoko herritarrek orain arte zabal eta ozen adierazi duten nahia bidegorriaren agirietan jasota” geratzea da. Halaber, “Gernika-Lumoko Udalak bizikleten eta bidegorriaren inguruan erakutsi duen interes ezari erantzun egokia eta irmoa” eman gura diote. “Sinatzaileek udal gobernuari exijituko diote bete dezala, hitzez hitz, Gernika-Lumoko udalbatzak onartutako mozioa”.
Gernika-Lumoko Udalbatzak 2011ko martxoaren 30ko osoko bilkuran aho batez onartutako Bidegorridxe Gernika-Lumon Ekimenak sustatutako mozioa:
Gernika-Lumoko Udaleko formazio politikoak Bidegorridxe Gernika-Lumon Manifestuaren berri izan du, hain zuzen ere, gure hiribilduan bizikletaren erabilera bultzatu eta, orokorrean, mugikortasun iraunkorra ahalbidetzearen alde egiten duena.
Manifestu hau Gernika-Lumoko gizarte, kirol eta hezkuntza arloko erakunde ugarik eta anitzek bultzatu eta babestu dute.
Ezinbestekotzat jotzen dugu mugikortasuna iraunkorra sustatzea Gernika-Lumon zein Busturialdea-Urdaibaiko eskualdean.
Bizikletaren erabilera normalizatu eta seguruak, gure hiribildua zirkulazio ziklablera egokitzeko neurriek lagundurik, Gernika-Lumoren mugikortasuna, bizi-kalitatea eta ingurumena hobetzen lagunduko dute.
Ondorioz, bat egiten dugu Bidegorridxe Gernika-Lumon Manifestuaren edukiarekin (ikus eranskina).
Horregatik, Osoko Bilkurara ekarri dugu ondoko MOZIOA, Gernika-Lumoko Udalak aintzat har ditzan hurrengo eskaerak:
-
Mugikortasun iraunkorra bultzatzea, batez ere motordunak ez diren eta kolektiboak diren moduetan, arreta berezia bizkikletaren moduari emanez.
-
Bizikleta Udal planifikazioan txertatzea, hiri diseinu egokiagoa, mugikortasun dibertsifikatuagoa eta, azkenik, herriaren ingurumen kalitatearen eta pertsonen osasunaren hobekuntza eragingo dituena.
-
Gernika-Lumoren Mugikortasun Iraunkorraren Plana onartzea.
-
Txirrindularientzako azpiegiturak (bidegorriak,…) eraiki eta egokitzea, eta Gernika-Lumon zein Busturialdea-Urdaibai eskualdean bizikletaren erabilera segurua bultzatu eta bermatzeko neurri egokiak hartzea.
-
Gernika-Lumoko Udalak eskatu diezaiola Bizkaiko Foru Aldundiari Muxika-Bermeo ardatzeko bidegorria amaitzea, Bizkaiko Bizikletarako Zuzendaritza Planean (2003-2016) aurreikusita dagoena.
Gernika-Lumon, 2001ko martxoaren 30ean