Ebakitako hegoak
15 urte bete barri dituzu? Oraindik ezin duzu garagardorik hartu tabernan, ezin duzu tabakorik erosi eta, jakina, ezin duzu autorik gidatu edo bozkatzera joan. Badira ikusi beharko ez zenituzkeen zenbait film. Eskatu be ezin duzu lanik eskatu enpresa batean. Oraindik ez duzu adin egokirik helduen munduan parte hartzeko; salbuespen bategaz: fusila har dezakezu sorbaldan, eta gerrara joan. Nazioarteko legediak baimendu egiten du. Gordinak izan ohi dira edozein gerrak uzten dituen irudiak; are gordinagoak irudi horien protagonista nagusiak umeak direnean. Errealitate horren gordintasuna agerian uztera dator Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Bakearen Nazioarteko Egunaren harira bihar zabalduko duen Hegan egitea debekatua: haurtzaroa eta gatazka armatuak erakusketa. Iratxe Momoitio museoko zuzendariaren hitzetan, «apurtzen den haurtzaroaren» isla izatera dator lagina. Hala, hamasei argazkilari ospetsuk hartutako 36 irudik osatzen dute erakusketa. El Salvador, Ruanda, Angola, Kolonbia, India, Peru, Iran… dira argazkion kokapenak, baina izan zitezkeen beste asko eta asko. Izan be, gaur egun «300.000 bat neska-mutil erreklutatzen dituzte munduan zehar dauden ia hogei gatazka armatuetan soldadu lanetarako». Zazpi ataletan banatuta, «gerrak eta indarkeriaren kulturak populazioaren sektorerik zaurgarrienean dituzten ondorioei buruzko datuak eta azalpenak eskaintzen ditu erakusketak, irudi zirraragarriekin batera». Irudi zein azalpenen bidez, «gerran dagoen herri bateko ume batek nolako egoerak bizi behar izaten dituen erakusten [...]
15 urte bete barri dituzu? Oraindik ezin duzu garagardorik hartu tabernan, ezin duzu tabakorik erosi eta, jakina, ezin duzu autorik gidatu edo bozkatzera joan. Badira ikusi beharko ez zenituzkeen zenbait film. Eskatu be ezin duzu lanik eskatu enpresa batean. Oraindik ez duzu adin egokirik helduen munduan parte hartzeko; salbuespen bategaz: fusila har dezakezu sorbaldan, eta gerrara joan. Nazioarteko legediak baimendu egiten du.
Gordinak izan ohi dira edozein gerrak uzten dituen irudiak; are gordinagoak irudi horien protagonista nagusiak umeak direnean. Errealitate horren gordintasuna agerian uztera dator Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Bakearen Nazioarteko Egunaren harira bihar zabalduko duen Hegan egitea debekatua: haurtzaroa eta gatazka armatuak erakusketa. Iratxe Momoitio museoko zuzendariaren hitzetan, «apurtzen den haurtzaroaren» isla izatera dator lagina.
Hala, hamasei argazkilari ospetsuk hartutako 36 irudik osatzen dute erakusketa. El Salvador, Ruanda, Angola, Kolonbia, India, Peru, Iran… dira argazkion kokapenak, baina izan zitezkeen beste asko eta asko. Izan be, gaur egun «300.000 bat neska-mutil erreklutatzen dituzte munduan zehar dauden ia hogei gatazka armatuetan soldadu lanetarako».
Zazpi ataletan banatuta, «gerrak eta indarkeriaren kulturak populazioaren sektorerik zaurgarrienean dituzten ondorioei buruzko datuak eta azalpenak eskaintzen ditu erakusketak, irudi zirraragarriekin batera». Irudi zein azalpenen bidez, «gerran dagoen herri bateko ume batek nolako egoerak bizi behar izaten dituen erakusten du: familiengandik urrun erbesteratutako haurrak, umezurtzak, neska-mutil elbarrituak, gerra irakastera eta egitera behartutako txikiak…».
Bi film, lagina osatzeko
Save the children gobernuz kanpoko erakundearena da erakusketa, eta martxoaren 17ra arte egongo da Gernika-Lumon. Irudi bilduma, gainera, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko lehiaketan ikusitako bi film laburregaz osatu dute Bakearen Museoak eta Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak: Sejong Park-en Birthday Boy (2004) eta Alberto Doradoren Lost (2009). Azken hori, Momoitioren berbetan, «laburra bezain zuzena».
Alabaina, erakusketak eta filmek erakusten duten sufrimendu horren guztiaren ondotik, azken mezuak baikorra behar zuen izan, «gauza bakarra baita harrigarriagoa gizakiak bere espeziea suntsitzeko duen gaitasuna baino: birsortzeko eta gatazkak gainditzeko duen gaitasuna». Horrela, bakea bizikidetzaren eta tolerantziaren bidez ikastea eta bizitzea gauza eskuragarria dela irakatsi beharreko umeak» dira erakusketakoak. «Berriro jolastea eta barre egitea posible dela» ikasi behar duten umeak.
Hegan egitea debekatua
Non. Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.
Argazkilariak. Mariano Agudo, Chema Barroso, Miguel Berrocal, Alejandro Carra, Agustin Catalan, Angel Colina, Jose Luis de la Cuesta, Manuel Charlon, Corinne Dufka, Ramon Jimenez, Kim Manresa, Rafael Marchante, Gervasio Sanchez, Ilya U. Topper, Eduardo Urdangaray, Jorge Zapata.
Noiz arte. Martxoaren 17a arte.
Oharra. Bakearen Nazioarteko Eguna denez gaurkoa, doako bisita gidatua eskainiko du Bakearen Museoak, 12:30ean.