Portuondoko erabiltzaileek bertan behera utzi dute manifestazioa egiteko deialdia
Portuondoko ontzien elkarteak atzoko prentsaurrekoan iragarri moduan, zapaturako aurreikusita zuten manifestazioa bertan behera utzi dute. Izan be, joan den astean Espainiako Kosta Mugapeak Sukarrietako Portuondo kaian dagoen pantalan flotatzailea altxatzeko aginduaren epea luzatzen zuela jakinarazi zuen, Urdaibaiko Patronatuak instalazio horri buruz egin duen aurkako txostenari Sukarrietako Udalak ipini dion helegitea ebatzi arte. Manifestazioa egiteak «zentzurik ez duela» esan du Javier Caballero elkarteko presidenteak, «pantalana desagertzeko berehalako arriskurik ez dagoelako». Caballerok azaldu duen moduan. «desatsegina izan den gai hau baina momentuz behar bezala konpondu denak, pantalana ezagutarazteko balio izan digu. Gizarte-eragin handia duen pantalana da, elbarriren bat duten horientzako Urdaibain dagoen sarbide bakarra baita eta gaiak ohiartzun handia izan du». Epaiaren zain Sukarrietako Portuondoko ainguratoki osoaren gainean Urdaibaiko Patronatuak horren aurka egin duen txostena baliogarria den ala ez aztertzen ari direla jakinarazi dute, «guk haren aldeko hainbat txosten aurkitu baititugu». Hortaz, Sukarrietako Udalak Justizia Auzitegi Nagusian ipinitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebatzi arte Portondoko pantalanak bere lekuak jarraituko du. Ontzien elkartearen ustez, «pantalana kendu behar izatearena zentzugabeko diskriminazioa da. Jaurlaritzak bere garaian pantalan hori ordaindu zuen, eta are gehiago, bertara iristeko trenbide azpiko tunela be egin zuen». Arazoa, ainguratokiko erabiltzaileen iritziz, Patronatuak Urdaibaiko itsasadarrean ontzirik ez duela gura da. Hortaz, prentsaurrekoa aprobetxatu gura [...]
Portuondoko ontzien elkarteak atzoko prentsaurrekoan iragarri moduan, zapaturako aurreikusita zuten manifestazioa bertan behera utzi dute. Izan be, joan den astean Espainiako Kosta Mugapeak Sukarrietako Portuondo kaian dagoen pantalan flotatzailea altxatzeko aginduaren epea luzatzen zuela jakinarazi zuen, Urdaibaiko Patronatuak instalazio horri buruz egin duen aurkako txostenari Sukarrietako Udalak ipini dion helegitea ebatzi arte.
Manifestazioa egiteak «zentzurik ez duela» esan du Javier Caballero elkarteko presidenteak, «pantalana desagertzeko berehalako arriskurik ez dagoelako». Caballerok azaldu duen moduan. «desatsegina izan den gai hau baina momentuz behar bezala konpondu denak, pantalana ezagutarazteko balio izan digu. Gizarte-eragin handia duen pantalana da, elbarriren bat duten horientzako Urdaibain dagoen sarbide bakarra baita eta gaiak ohiartzun handia izan du».
Epaiaren zain
Sukarrietako Portuondoko ainguratoki osoaren gainean Urdaibaiko Patronatuak horren aurka egin duen txostena baliogarria den ala ez aztertzen ari direla jakinarazi dute, «guk haren aldeko hainbat txosten aurkitu baititugu». Hortaz, Sukarrietako Udalak Justizia Auzitegi Nagusian ipinitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebatzi arte Portondoko pantalanak bere lekuak jarraituko du.
Ontzien elkartearen ustez, «pantalana kendu behar izatearena zentzugabeko diskriminazioa da. Jaurlaritzak bere garaian pantalan hori ordaindu zuen, eta are gehiago, bertara iristeko trenbide azpiko tunela be egin zuen».
Arazoa, ainguratokiko erabiltzaileen iritziz, Patronatuak Urdaibaiko itsasadarrean ontzirik ez duela gura da. Hortaz, prentsaurrekoa aprobetxatu gura izan dute Patronatuari eskatzeko egiten dituen txostenetan «irizpide teknikoak kontuan izan dezaten edo bestalde orain arte izan dituztenak baino oinarri sendoagoak erabil dezaten».
Erregulatzeko nahia
Bai Sukarrietako Udalak zein Portuondoko ontzien erabiltzaileen elkarteak ainguratokia erregulatzea gura dutela azaldu dute, «horrela horren hazkundea kontrolatzea posible litzateke». Patronatua, barriz, pantalanaren aurkako txostenekin «erregulazioa sahiesten ari dela» deritzote. Izan be, Sukarrietako Udalak orain dela urte batzuk ainguratokia erregulatzeko proiektu bat aurkeztu zuela gogorarazi dute, «gehiago ez hasteko, luzerak mugatzeko eta segurtasun gune bat ipintzeko ontziak hondartzara hurbil ez daitezen». Urdaibaiko Patronatuak, aldiz, guzti horri ezezkoarekin erantzun zuela esan dute. «Patronatuari eskatu gura diogu egin dezaten egun bizi dugun errealitate sozialarekin bat datozen legearekiko interpretazioak. Orain arte gertatu legez, natura eta gizakia elkarrekin bizi behar dutela».