«Play off-ean sartzeko helburuagaz» aurkeztu dute Gernika Futbol Taldea
Gernika Futbol Taldea 2012-2013 denboraldia prestatzen hasi da dagoeneko, eta herenegungoa lehenengo entrenamendu eguna izan zen taldeko hogei jokalarientzat. Pablo Turrillas entrenatzaileak azaldu duenez, «proiektu barri bat» prestatu dute, 2. B mai...
Gernika Futbol Taldea 2012-2013 denboraldia prestatzen hasi da dagoeneko, eta herenegungoa lehenengo entrenamendu eguna izan zen taldeko hogei jokalarientzat. Pablo Turrillas entrenatzaileak azaldu duenez, «proiektu barri bat» prestatu dute, 2. B mailara igotzeko helburuagaz. Hala, aurten «sendoagoak» izango direla deritzo, taldeko arduradunek «fitxaketa onak» egin baitituzte.
Hain zuzen, hamabi jokalari fitxatu ditu Gernikak: bi atezain, bost atzelari, bi erdilari eta hiru aurrelari. Turrillasen berbetan, «zeresan handia» emongo duten jokalariak ekarri dituzte Gernika-Lumora eta, horrenbestez, «pozarren» azaldu da.
Iazko denboraldi amaieran sasoi forma galdu zuen taldeak, eta aurten ez dute arazo bera izan gura. «Iaz play off-etik kanpora geratzeak pena handia emon zigun eta, horregatik, aurten arantza kendu gura dugu», jakinarazi du entrenatzaileak. Dioenez, «aurrerapauso bat» emon gura dute talde bezala hazten jarraitzeko.
Bestalde, taldekideen arteko giroa nabarmendu du Turrillasek. Entrenatzailearen ustez, taldekideen artean harreman ona egotea «oso garrantzitsua» da, eta lehenengo entrenamendu egunetan, behintzat, «giro ezinhobea» izan dute aldageletan.