«Inoiz baino jende gehiago» bildu dute aurten Eako Poesia Egunek
Poesia hutsa edo azukreagaz lelopean ospatu dituzte aurten Eako Poesia Egunak. Egitarauagaz «asmatuta», era askotako jendea bildu da Ean asteburuan. Barikutik domekara, hitzaldiak, errezitaldiak, antzerkiak, kontzertuak eta sorpresaren bat edo beste izan dute Eara bertaratutakoek.
Bederatzigarren urtez antolatu dituzte aurten Eako Poesia Egunak, eta antolatzaileek «balorazio oso positiboa» egin dute. Izan be, «ekitaldiak teknikoki oso ondo atera dira, eta, gainera, parte hartze oso handia izan da». Eguraldiagaz kezkatuta izan badira be, «zortea» izan dutela eta alde horretatik be «oso pozik» agertu dira.
Orain artekoekin alderatuta, «jende gehiago» izan da asteburuan Ean; «ikuskizunengatik eta urtean-urtean izena hartzen doazen egunak direlako», besteak beste. Busturialdetik eta Lea-Artibaitik ez ezik, Euskal Herri osotik etorritako jendeak bisitatu du Ea asteburuan; izan be, «jendeak asteburu hori gordetzen du Eara joateko».
Bertaratutakoek, batez be, zapatuko egitaraua azpimarratu dutela azaldu dute antolatzaileek; Apikalen eta Barruko moilan egindako antzezlanak eta Ruper Ordorikaren kontzertua, besteak beste; izan be, «ekitaldi bitxiak izan dira jendearentzat». Portuko Sarritsasoa antzezlanean, esaterako, «ia-ia 1000 lagun» batu zirela diote antolatzaileek, eta, Ruper Ordorikaren kontzertuan be «aretoa txiki» geratu zela.
Labea laborategiak eskainitako Munduan Beste antzerkia «oso ikusgarria» izan zela gaineratu dute: «bizitzan behin ikusten diren horietakoa». Mikel Lasa idazlearen inguruko solasaldi musikatua be jendearentzat «aurkikuntza»bat izan zela esan dute antolatzaileek.
Sarrionandiaren lau poema
Ekitaldien tartean, gainera, sorpresa bat be jaso zuten bertaratutakoek; Eara bertara Joseba Sarrionandiaren argitaratu gabeko lau poema heldu ziren eta.