Denboraldiko lehen estropada irabazi gura dute eskualdeko taldeek
Busturialdeko eta Lea Artibaiko arraun taldeak itxura ona emoten dabiltza denboraldi hasieran, baina azkenengo pausoa emotea falta zaie: estropada amaieran irabazlearen bandera astintzea. Hala, asteburuan denboraldiko lehenengo estropada irabazten ahaleginduko dira Urdabai eta Busturialdea. Mundaka, bestalde, orain arte egindako lanari jarraipena emoten saiatuko da, banderak irabazteko lehiatik urrun baitago.
Urdaibaik, esaterako, TKE mailako bandera bat irabazteko aukera bikoitza izango du asteburuan. Bermeotarrek garaipenaren lehian sartu daitezkela erakutsi dute denboraldi hasieran, baina emaitza irregularrak lortu dituzte. Iragan zapatuan, adibidez, talde indartsuenen pare ibili ziren, baina domekan zazpigarren postuan sailkatu ziren, ohiko mailatik behera ibiliz. Hala, egun batetik bestera zerutik infernura bajatzeko gai dira Bermeokoak.
TKE mailan banderak oso garesti daudela eta, Urdaibaik aurrerapauso bat emon beharko du Galizako uretan. Izan be, asteburuko estropadak O Groven eta Moañan jokatuko dituzte.
Elantxobe KAE1 mailan
Banderak irabazteagatik borrokatu daitekeen bertoko beste trainerua Busturialdea da. Elantxobetarrak maila oso ona emoten dabiltza, baina zorte txarra izan dute. Iaz, Orio TKE mailatik KAE1 mailara bajatu zen, eta banderak irabaztea oso zaila izango da aurten.
Halanda be, Oriok denboraldiko estropada guztiak irabaztea be zaila izango da, eta beraz, bertokoek banderak irabazteko aukera izan beharko lukete denboraldian zehar. Busturialdeak, Lekitarrak eta Santurtzik lehia estua izan dute lehen bi estropadetan, eta KAE 1 mailan ezustekoa emoten ahaleginduko dira, Donostiako uretan. Zapatuan jokatuko dute Donostiarra Kaiarriba estropada, Donostiako (Gipuzkoa) badian.
Banderen lehiatik kanpora
Mundaka, bestalde, banderak irabazteko lehiatik kanpora dago, denboraldi hasieran lortutako emaitzei erreparatuz gero.
Mundakaren helburua KAE2 mailako bigarren txandan jarraitzea izango da. KAE1 mailako taldeek bezala, Mundakarrek Donostiako Badian jokatuko dute ligaren laugarren jardunaldia, domekan.