Eako ondare aberastasuna eta aberastasun giza-kulturala eta naturala ezagutzera emateko liburuxka kaleratu du udalak. Bisitari ugari izaten ditu udan Eak, eta hortaz baliatuz, «turistei begirako proiektua barik, herri proiektua» kaleratu du.
«Turisten gozamenerako, baina Eako herritarren onurarako» liburuxka bezala aurkeztu dute gaur Natxi Aranburu kultura batzordeko kideak eta Cesar Badiola herriko alkateordeak. Ingurumena (itsasertza eta inguru naturala), kultura (nortasuna, tradizioa, herriko berezko izaera), eta ondasuna (ondare aberastasuna historikoa, naturala eta landatarra) oinarri dituena, alegia.
Aranburuk azaldu bezala, liburuxkaren lehenengo orrietan Ea, Bedaroa eta Natxitua auzoen berri emoten da, eta ondorengoetan, herriaren eskaintza eta ezagutza biltzen ditu. Azkenik, ihesaldi bat egiteko gida laburtxo bat aurkezten du.
Guztira, 1.500 ale kaleratu ditu udalak eta horiek Eako Turismo Bulegoan izango ditu eskuragai herritarrak; euskeraz, gaztelaniaz zein ingelesez.

Aranburuk dioen bezala, Ea munduari zabalik egon da beti; izan be, «herrian badago zer ikusi eta nun denbora igaro».
Liburuxkaz gain, hemendik irailera bitartera Ean izango diren ekitaldiez informatzeko triptikoa kaleratu du udalak. Bertan, herriko jaiez gain, izango diren ibilbide gidatuak bildu dituzte. Horrekin batera, Etxebarriko karobian karea egingo dutela be iragarri dute gidan. Hori uztailaren 28an egingo dute.