
Josune Onaindiaren kasua saltzeko manifestazioa Gernika-Lumon
Euskal presoen eta iheslarien aldeko Busturialdeko Herrira mugimenduak antolatuta, uztaila Parot Doktrinaren kontrako hilabetea izango da eskualdean. Herrirako kideek azaldu dutenez, Parot Doktrina presoen “eskubideen urraketa handi eta ulertezin” bat da, eta horrenbestez, preso horiek bizi duten egoera salatu gura dute, hiru ekimen ezberdin antolatuz.
Busturialdeko Herrirakoek jakinarazi dutenez, dagoeneko eskualdeko bi pertsonari aplikatu diote 197/2006 doktrina, eta horrenbestez “kalera ateratzeko garaia” dela nabarmendu dute. Hala, Herrirak Josune Onaindia muxikarrari eta Elias Fernandez bermeotarrari elkartasuna adieraztera deitu ditu Busturialdeko biztanleak.
Lehenengo protesta eguna domekan egingo dute Herrirakoek, eta azaldu dutenez, gura duten guztiek parte hartu dezakete. “Zenbat eta gehiago hobe” esan dute.
Hain zuzen, domekan errepide ondoan egingo dute protesta. Bermeotik Muxikara, eta Gautegiz Arteagatik Gernika-Lumora, euskal presoen banderekin jarriko dira, banaka edo binaka.
Antolatzaileek euskal presoen bandera etxetik eroatea eskatu dute, baina etxean bat ez dutenek, domekan jasoko dute. Bestalde, txaleko islatzaile bat eroatea derrigorrezkoa izango da, errepide ondoan egongo baitira parte hartzen dutenek.
Domekako ekimenaren ostean, Herrirako kideek hitzaldi bat emongo dute hilaren 20an, Parot Doktrina zer den azaltzeko. Hitzaldian Onaindiaren abokatuak parte hartuko du besteak beste. Protestekin amaitzeko, bestalde, hilaren 27an elkarretaratzea egingo dute Muxikako Kurtzero auzoan.
Domekako deialdiak
Mundakan. 18:30ean, gasolindegian.
Busturin. 18:30ean, San Kristobal auzoan.
Gernika-Lumon. 18:00etan, Arrano aurrean.
Gautegiz Arteagan. 18:30ean, herriko plazan.
Muxikan. 18:30ean, Ariatza auzoan.