Busturialdeko mankomunitatean sartzea proposatuko du Gautegiz Arteagako EAJk uztaileko osoko bilkuran
Gautegiz Arteagako EAJ udal taldeak 2013an Busturialdeko mankomunitatean sartzea proposatuko du uztaileko osoko bilkuran. Herriko alkate Juan Felix Naberanek azaldu bezala, oposizioarekin eztabaidatu dute proposamen horren inguruan, eta, «ados» agertu dira Bildukoak. Orain, hurrengo osoko bilkuran zer erabaki hartzen duten ikusi beharko dute.
Osoko Bilkura egin bitartean, ostera, Busturialdeko mankomunitatearekin harremanetan izango dira kide izateko zein baldintza bete behar duten jakiteko, besteak beste. Hala, sarrera eta kostua zenbatekoa izango liratekeen be jakin behar izango dute erabakia hartu aurretik.
Azken finean, «zerbitzua eta kudeaketa hobetzeko eta kostua merketzeko» sartu gura du Gautegiz Arteagako Udalak Busturialdeko mankomunitatearen barruan.
Orain arteko zerbitzua «zaharkituta»
Orain arteko zabor bilketa zerbitzua «zaharkituta» geratu dela dio Gautegiz Arteagako alkateak; «edukiontziak be zahar daude». Naberanek azaldu duenez, mankomunitatearen barruan egongo balitz, zabor organikoaren eta paperaren bilketa zerbitzuaz gozatuko luke Gautegiz Arteagako Udalak, besteak beste. Etxez etxeko olioaren bilketa eta erropak eta jostailuen bilketa zerbitzua be izango lukete eskura. Horrez gain, neguko zerbitzua be izango lukete aukeran; alegia, bideak izozten direnean gatza botatzeko zerbitzua.