
Urdaibai eta Kaiku pare-parean, Santurtziko estropadan
TKE mailako liga hasi zanetik bakarrik lau estropada jokatu arren, Urdaibaiko arraunlariek 11 puntura dute dagoeneko Hondarribia lehenengo sailkatua. Juan Mari Etxabe bermeotarren entrenatzaileak astebururo 20 puntu inguru batu behar zituztela aurreikusi zuen liga irabazteko lehian ibiltzeko, baina lehenengo bi asteburuetan bertokoak ez dira zenbateko horretara heldu: ligaren lehenengo asteburuan hemezortzi puntu batu zituzten, eta bigarrenean, barriz, hamasei puntu.
Arraun asteburua ondo hasi zen bermeotarrentzat. Zapatuan Portugaleteko uretan garaipenaren lehian ibili ziren azkenengo luzera arte, eta hirugarren postuan sailkatzea lortu zuten.
Zapatuko estropadan arraunean bikain egin ostean, bestalde, Zarautzen (Gipuzkoa) bide bardinetik jarraitu gura zuten Urdaibaikoek, baina zazpigarren postuan sailkatuta, ohiko mailatik behera ibili ziren.
Bermeotarrek lehenengo kaletik egin zuten arraunean, eta egoera horrek, asko atzeratu zituen helmuga lerroan. Sailkapeneko lehenengo bost taldeek, esaterako, bigarren eta hirugarren kaleetatik egin zuten arraunean.
Amestutako asteburua izan ez arren, bestalde, Urdaibaik Ohorezko txandan jarraituko du, sailkapen orokorreko laugarren postuan baitago.
KAE 1 mailan Elantxobe ondo
KAE1 bat mailako lehenengo jardunaldian bigarren sailkatuta ezustekoa emon ostean, Busturialdea arraun zaleak harritzen jarraitzen du. Asteburuan hirugarren sailkatuta maila edarra emon zuten bertokoek Santurtziko uretan, eta horrenbestez, ohorezko txandan jarraituko dute beste aste betez. Elantxobeko eta Lekeitioko taldeek lehia gogorra izan zuten, baina azkenean, segundu bakarreko aldegatik nagusitu ziren Busturialdekoak.
Busturialdeako arraunlariak sasoi forma egokian daude, eta domekan barriro erakutsi zuten ala dela. Lehenengo luzean, esaterako, azkarrenak izan ziren Orioren aurretik. Oriok orain arteko estropada guztiak irabazi ditu, eta horrenbestez, meritu handiko lorpena izan zen bertokoentzat.
Elantxobekoak sailkapen nagusiko hirugarren postuan daude, Santurtzi bigarren sailkatuagaz bardinduta. Orio lehenengo sailkatua, bestalde, hiru puntura dute bertokoek.
Mundaka bederatzigarren
Bertoko taldeekin amaitzeko, Mundakak bederatzigarren postuan amaitu zuen Pasaiako (Gipuzkoa) estropada. Bederatzigarren postuan sailkatuta, bertokoek postu bat egin dute behera sailkapen nagusian. Hala KAE2 mailako zortzigarren lekuan daude, 20 puntugaz.