Poesia hutsa edo azukreagaz izango dute aukeran aurten eatarrek
Bilbon jaio eta Ean hil zen Gabriel Aresti idazleak euskal poesia modernoan eragin duela kontuan hartuta antolatu dituzte beste behin Eako Poesia Egunak Herrijeri Emon Arnasa taldekoek.
Poesia, hitza, pentsamendu kritikoa, antzerkia, natura eszenatokia, itsasoa eta lagunak uztartuta igaroko dituzte hilaren 13tik 15era bitarteko egunak eatarrek, «literaturzaleen ametsa errealitate bihurtzeko egunak, alegia».
«Guk ez daukagu errezetarik, ez dakigu nolakoak izan behar duten gaurko eta biharko poesiak, baina modu askotara eskaini nahi dizkizuegu: hutsik, musikaz jantzirik, antzerkiagaz lagundurik, hitzaldi bihurturik… azukre apur bategaz», esan zuten atzo, Bilboko aurkezpenean.
Egitaraua
Uztailak 13, barikua
19:30ean. Arestiren koplak ahoan hitzaldia eta errezitaldia Beletxen, Xabier Amurizaren eskutik.
22:30ean. Poemak rapeatzen kontzertua eskolapen, Norte Apacherekin.
Uztailak 14, zapatua
10:30ean. LP bat poema hitzaldia Beletxen, Mikel Elortzaren eskutik.
13:00etan. Idazleak irakurle poema errezitaldia, Talaian. Iñigo Astiz, Yolanda Castaño, Jon Gerediaga eta Ione Gorostarzu, The Soul Stompers musikariekin batera.
15:00etan. Herri bazkaria, Bedaroan.
16:30ean. Mikel Lasa gure artean solasaldi musikatua, Edorta Jimenez idazleagaz eta Garazi Izagirre eta Itziar Etxegia musikariekin.
19:00etan. Munduan beste antzerkia, Apikalen, Labea laborategiaren eskutik.
22:30ean. Sarritsasoa kale-antzerkia, barruko moilan. Dantzaz Konpainia eta Biraka dantza taldea ariko dira bertan, Eako umeekin batera.
23:30ean. Oroimenaren mapa kontzertua, Ruper Ordorika eta Jon Pirisekin.
Uztailak 15, domeka
11:30ean. Poetika eta poemak: Landa sakontasunezko ikuspegia hitzaldia Beletxen, Yolanda Castañoren eskutik.
13:00etan. Scanner poema errezitaldia Moilan, Leire Bilbao eta Domentx Uzin musikariagaz.
15:00etan. Herri bazkaria, Natxituko bolatokian.
17:15ean. Ez dok/n armairu ezohiko poema errezitaldia Natxituko bolatokian. Besteak beste, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner, Juango Olasagarre… izango dira