Markel Anasagastiren zutabea: "Brocken-Benno"
Benno Schmidt bere urtegun ospakizunean ezagutu neban, joan zan maiatzaren 22an. Egun horretan larogei urte bete, eta Brocken mendira 6.666 bider igon ebala ospatu gendun.
1989 abenduaren 3a izan zan Benno lehenengo bider Brocken-en. Berak –beste mendizale batzukaz batera– hautsi eban-eta Alemania ekialdea eta mendebaldea bananduten eban muga. Alemania batu ebenetik, urtean 333 bider (hasierako urteetan ez horrengaina) igoten dau Bennok Brockenera, egunean bide desberdin batetik. Horregaitik ipini eutsien orain autografoak sinatuteko erabilten dauan goitizena: Brocken-Benno.
Aurreko eguenean goizeko bederatziretarako Bennogaz geratuta nengoan supermerkadu baten parkinean. Larogei urteko agurea erlojuari begira: “minutu bat berandu, hori dok hori puntualidadea!”. Berandu heldu nintzen, bai, baina minutu eskas bat baino ez. Holakoak dira, baina, alemanak.
Wernigerodetik Schierkera kotxez, “lehen herritik bertatik joaten nitzuan mendira, baina 20 kilometro joan eta hogei etorri larregi da”. Shierkera ailegau eta hara iturrira joaten da ur bila Benno. Etxean bertako ura edaten daben lez, astean hirutan egin beharrekoa izaten da.
Galdarak urez bete eta gorantza hasi ginen. Lehenengo unetik hasi jatan istorioak kontetan. Bere dialektoa dala edo arnasestua dala, ezin erdia ulertu. Halanda be, argi ulertu notzan mendira igoten hasi zanetik eukozan gaixotasun guztiak osatu eta barriro konstipadu bat be ez dauela hartu. Egunero mendira igotzean arrazoiengatik itaunduta, Brocken leku berezia zala esan eustan, Heinrich Heine eta Goethe bera be maitemindu ebazana. Horrezaz gain, lehengoz Guinness errekorra hautsi ebanetik motibazinoa handitu egin ei jakon, eta beste bitan lortu dau liburuan agertutea.
Orain, dino ezagun danetik pozgarriago egiten jakola mendian ibiltea. Gorantzean gurago dau bakarrik igon, horregaitik joaten da goizetik. Tontorrean, ostera, denporatxoa emoten dau argazkia edo autografoa noiz eskatuko zain. Eta beheranzkoan eskolako umeekin gustetan jako erretratoak egitea.
Oso gizon indartsu eta animoz betea dala uste dodalako, halako jentea gehiagotan ezagututea gustauko jatalako, eta Bennok berak holan eskatuta, hemen izan dozue bere inguruko kontakizuna.