Etxebizitzek badute jabea
Elbarriren bat dutenentzako hiru etxebizitza, Etxebiden duela lau urte baino gehiagotik izena emonda dutenentzako 22; 25 eta 35 urte bitartekoentzako beste 21 eta, azkenik, zozketa orokorrerako beste sei. Horiek dira Etxebizitzaren Euskal Zerbitzutik (...
Elbarriren bat dutenentzako hiru etxebizitza, Etxebiden duela lau urte baino gehiagotik izena emonda dutenentzako 22; 25 eta 35 urte bitartekoentzako beste 21 eta, azkenik, zozketa orokorrerako beste sei. Horiek dira Etxebizitzaren Euskal Zerbitzutik (Etxebide) atzo Gernika-Lumon zozkatutako babes ofizialeko etxebizitzak. Guztira, 52.
Urduri zeuden atzo goiz partean hainbat gernikar. Lizeo Antzokian eserita, euren zenbakia entzuteko zain. Guztiek erregistroko papera eskuan, jakinik euretako batzuek soilik izango zutela zortea zozketan.
Epaimahaikideak eszenatokira igo, eta zozketaren inguruko azalpenak emateko tartea hartu zuten. Herritarrek, bitartean, ezin jaramon handirik egin, urduritasunak tarteko. Azalpenak bukatu, eta zozketarekin hasi ziren.
Elbarriren bat dutenentzako hiru etxebizitza zotz egin behar zituztela esanez hasi zuten zozketa. Hiru zozkatzeko, baina eskaera bakarra; beraz, esleipen zuzena.
Segidan, herritarren artean boluntarioak eskatuta, berehala igo zen taula gainera gernikar bat. 93 ausazko zenbaki informatiboak hasi zuen zozketa, 9 zenbakiagaz jarraituta eta 1 zenbakiagaz bukatuta. Beste birritan errepikatu zuten jarduera bera.Zozketa bukatu eta berehala utzi zuten Lizeo Antzokia bertaratutako askok. Beste asko kalean, telefono dei mordoa eginda.
Ongi asko nabari zitekeen nori egokitu zitzaion etxebizitza, oihu eta zarata artean.
Oraingoan zorterik izan ez dutenek, ostera, hurrengo zozketara arte itxaron beharko dute.