
Deuela 25 urte hasitako ibilbidea hazten doa denboragaz batera. Gernika-Lumon eta Ondarroan hasitakoa, Lekeitiora eta Markina-Xemeinera zabaldu da. Hori da Gernika HHIren kasua. 100 ikaslegaz hasitakoak, 3.000 ikasle baino gehiago hartu ditu urte guzti horietan.
Egun 18 irakasle daude beharrean Gernika HHiren zentroetan. Horiekin daude, gainera, 600 ikasle inguru; oinarrizko tituluak lortzeko, euskara edota gaztelania ikasteko, beste hezkuntza-mailetako sarrera prestatzeko edota curriculumerako zenbait arlotan bere konpetentziak hobetzeko asmoz.
Lan asko egindakoa da Gernika HHI. Hezkuntza-eskaintza gizartearen beharrizanei egokitzen aritu da horietan, bizitza osorako ikaskuntzaren printzipioak eta hezkuntzaren lau zutabeak kontuan izanik: “Ezagutzen ikastea, egiten ikastea, izaten ikastea eta egoten ikastea”, alegia.
Orain, Gernika HHIk 25 urte bete dituen horretan, “harro” daude bertako langileak; izan be, “ikastetxean jardun duten ikasle eta irakasleek elkarrekiko errespetua, tolerantzia, akonfesionaltasuna, esperitu kritikoaren garapena, elebitasuna eta baterako hezkuntzan oinarritutalo heziketa-proiektu komunean bere ekarpena utzi dute”.
«Leku falta dugu Gernika-Lumoko zentroan, baina konpontzen gara»
Arantza Foruria (Bilbo, 1954) irakaslea da Gernika HHI zentroan, 1987. urteaz geroztik.
Zer eskaintzen du Gernika HHIk?
Eskola-graduatu titulua eskuratzeko aukera eskaintzen zuen hasiera batean. Gerora, ostera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua eta unibertsitaterako zein goi-ziklorako sarbiderako prestakuntza eskaintzen ditu. Horrez gain, informatika eta ingelesezko heziketa zikloak egiteko aukera dago Gernika-Lumoko zentroan egun.
Inguruko beste herrietan be baditu bulegoak Gernika HHIk.
Bai, bulego nagusia Gernika-Lumon dagoen arren, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat herritan ditugu bulegoak; besteak beste, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition.
Nori zuzenduta daude eskaintza horiek?
Egungo ikasleen artean 18 urtekoa da gazteena, eta 84 urte ingurukoa helduena. Batetik, lehenago ikasteko aukerarik izan ez dutenak etortzen zaizkigu zentrora; idazten eta irakurtzen ez zekitenak be. Bestetik, institutuan ikasi ez dutenak ditugu ikasletzat. Denetik izaten da.
Zelako emaitzak izaten dituzte?
Batzuei beste batzuri baino gehiago kostata bada be, ikasturte osoan zehar izaten diren ikasleek emaitza onak ateratzen dituzte, normalean.
Zelako ibilbidea izan du Gernika HHIk?
Hazten joan da urteetan zehar. Lehen hiru gela txiki baino ez genituen; orain, ostera, leku faltagagaz gaude. Leku gehiago beharko genuke liburutegia liburutegi izan dadin, eta irakasle gela irakasle gela… Halanda be, konpontzen gara.
Zergatik uste duzu dela garrantzitsua Gernika HHI zentroa?
DBH amaitu ez dutenek edo bere garaian ikasteko aukerarik izan ez dutenek ez dute eskualde honetan ikasteko aukera gehiagorik. Horregatik, garrantzitsua da berton aukera hori emotea.