
Pernan Basterretxea Astra Koordinadorako kidea da, beste hainbategaz batera. Egun, 2km parte hartze prozesuagaz lanean dabiltza; alegia, kudeaketari dagozkien hainbat erabaki hartzen.
2km parte hartze prozesua abiarazi duzue. Zein momentutan zaudete gaur egun?
2km prozesuan bi bilera egin ditugu; bata martxoan, eta bestea ekainean. Martxoko bileran Astra zaharrean egindako ekimenak gogoratu genituen. Bigarren bileran, ostera, kudeaketaren inguruko hainbat puntu erabaki genituen. Zelako koordinazioa, zelako antolakuntza, kanpokoei begira zelako protokoloa jarriko dugun… Guzti hori erabakitzen ari gara 2km prozesu horretan. Bigarren bilera horretan Astrak bere nortasuna mantendu behar duela be aipatu genuen. Hainbat puntu zehaztu ditugu kudeaketari dagokinez, baina oraindik beste hainbat zehazteke ditugu; izan be, horiek barruan izan arte ezingo ditugu zehaztu.
Zein da zuen proposamena?
Dagoeneko lortu dugu udalaren lagapena, eta hori posible izan zedin elkarte juridiko bat sortu behar izan genuen: Astra Gernikentzako. Izen hori jarri genion, Astra okupatu zenetik mantendu dugulako filosofia hori, bestela batek daki zer egingo litzatekeen bertan. Dena den, barruan Astra Koordinadorak eta beste lan talde batzuk guztia txukun egoteko ardura hartuko dute. Koordinazio talde bat be sortu beharko dugu lehenbizi, dena antolatzeko, noizbait gertatu izan zaigu egun berean gauza mordoa izatea eta. Halanda be, behin barruan gaudela antolatu beharko gara, beharrizanen arabera. 0km eta 1km-etan adostu genituen kudeaketaren lan-ildo nagusiak, eta horiek kontuan hartuta 2km honetan erabakiak hartu ditugu. Horiez gain, beste hainbat erabaki be hartu ditugu.
Zein erabaki, esaterako?
Ekaineko bilera horretan, esaterako, ondo ikusi genuen diru laguntzak jasotzeko aukera hori, kanpotik zein barrutik, horrek autogestiorako beste dimentsio bat emango digula iritzita. Bestetik, pertsona bat edo bi soldatapean egotea be ondo ikusi genuen, hobeto koordinatzeko asmoz.
Nolakoa da Udalagaz duzuen harremana?
Gure aldetik beti harreman ona izan dugu. Gauzak ondo azaldu behar direla esan genion momentu batean udalari, baina bestela ez daukagu arazorik.
Astrako lanak uztailerako bukatzea aurreikusten zuten, baina oraindik lanak martxan daude.
Hala da, bai. Arkitektoagaz eta udalagaz harremanetan gaude eta, aipatu digutenez, abuztuaren 15erako lanak bukatuta egotea aurreikusten dute. Hala izanda be, abuztuan ez da ezer egiteko aukerarik izango. Dean den, iraila eta urria bitartean Astraren inagurazio ekitaldi ofiziala egingo du Gernika-Lumoko Udalak, seguraski. Baina guretzako garrantzitsua izango den inaugurazioa, ostera, guk egingo duguna izango da. Abenduaren 24an egiteko asmoa daukagu, Astra okupatu zen egun sinbolikoan.
Zergatik da garrantzitsua Astra proiektua herriarentzako?
Gernika-Lumon gazte mugimendutik eta herri mugimendutik egon diren beharrizanei erantzuten dio Astra proiektuak. Gainera, kanpoko beste sektoreek eta taldeek be erabiliko dute; beraz, are garrantzitsuagoa da oraindik.