
Urdaibaiko arraunlariak Zierbenako estropadan
Estropada zaleek asteburu edar bategaz gozatzeko aukera izango dute, bihar eta etzi lau estropada jokatuko baitira euskal kostaldean. Estropada horietan, gainera, Busturialdeko hiru arraun taldeek parte hartuko dute: Urdaibaik TKE mailako bi estropada jokatuko ditu, Busturialdeak KAE1 mailako estropada jokatuko du, eta Mundakak KAE 2 mailako estropada jokatuko du.
Urdaibaiko arraunlariak, esaterako, Portugaleteko banderan parte hartuko dute zapatuan, eta Domekan, barriz, Zarauzko (Gipuzkoa) Eusko Label bandera lehiatuko dute. Hala, asteburu gogorra izango da bermeotarrentzat, ohorezko txandan jarraitu gura izanez gero, garaipenaren lehian ibili beharko baitute. Bihar, 18:00etan hasiko da Portugaleteko estropada, eta etzi, bestalde, 12:00etan hasiko da lehia.
Ligaren lehenengo estropadan ezustekoa emon ostean, Busturialdeako arraunlariak joan den asteburuko maila mantentzen ahaleginduko dira, helburuak beste batzuk direla argi izan arren. Estropada ona eginez gero, KAE 1 mailako sailkapenaren goikaldean jarraituko luke taldeak, ohorezko txanda jokatuz. Hala, 12:00etatik aurrera, Santurtziko uretan maila ona emoten ahaleginduko dira.
Asteburuko estropadekin amatzeko, Mundakako Arraun Taldeak Pasaiako bandera (Gipuzkoa) jokatuko du etzi, 12:00etatik aurrera. Lehenengo bi estropadetan seigarren eta zazpigarren postuetan sailkatu ostean, mundakarrak sailkapenaren erdian daude nahiko eroso. Taldekideen helburua ohorezko txandako taldeetatik hurbil egotea da, eta horrenbestez, bide egokitik doaz.