Boluntarioen laguntzagaz garbituko du Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko kala
Bermeoko Udalaren Ingurumen sailak boluntarioak deitu ditu zapatuan Gaztelugatxeko kala garbitzeko. Jarduera hori egiteko EDE Fundazioaren, Surfrider Foundationen eta Gaztelugatxeko Doniene santutegiko elkartearen laguntza izango du Udalak. Ingurumena ...
Bermeoko Udalaren Ingurumen sailak boluntarioak deitu ditu zapatuan Gaztelugatxeko kala garbitzeko. Jarduera hori egiteko EDE Fundazioaren, Surfrider Foundationen eta Gaztelugatxeko Doniene santutegiko elkartearen laguntza izango du Udalak.
Ingurumena zaintzeko antolatu duten jarduera horren helburua kala horretara itsasoak ekarritako hondakin guztiak kentzea dela azaldu dute antolatzaileek: otilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak, besteak beste. Horren bitartez, «euskal kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu gura da».
Jarduera horretan 16 urtetik gorako edozein lagunek parte har dezakeela azaldu dute. Joan gura dutenek 09:30ean izango dute hitzordua Eneperi jatetxearen inguruan.
Aurretiaz abisatu
Joan gura dutenei aurretiaz abisatzea eskatzen diete ingurumena@bermeo.org-era mezu elektronikoa bidalita edota 946-17 91 46 (Gaizka) edo 944-00 99 99 (Arrate) telefono zenbakietara deituta.
Jakinarazi legez, itsasbehera aprobetxatuko dute garbiketa lanak egiteko. Lehenik eta behin, antolatzaileek garbiketa lanak zelan egin azalduko dute eta itsasoaren kutsadurari buruz be hitz egingo dute. Ondoren, eskularruak eta poltsak banatuko dituzte eta boluntarioak taldeetan antolatuko dira.
Parte hartzaileei mendiko edo uretako botak, soineko egokiak eta eguzkitarako krema eroateko gomendioa luzatu die.