
San Joan jaietan hasi ziren Mundakan aurtengorako prestatutako egitarau zabalagaz. Joan den asteburuan hasi eta astean zehar luzatu dira ekitaldiak herri horretan, baina ondorengo ordu eta egunek be badakarte zereginik, sanpedroek luze joko baitute Busturialdeko herri horretan.
Gaur da San Pedro Eguna, eta arrantzaleen patroia kalera aterako dute kostako herri askotan. Baita Mundakan be; eta, zelan ez, Bermeon. Meza nagusiaren ostean egingo dute prozesioa mundakarrek. Aurreskua be dantzatuko diete santuari eta udal agintariei. Bermeon, barriz, 10:40an hasiko dute prozesioa, Santa Eufemia elizatik.
Azken herri horretan gaurko eguna ospatuko dute bakarrik, eta goizeko prozesioa eta meza izango dira San Pedrorako egitaraua. Mundakan, barriz, goizetik gauerako egitarau zabala prestatu dute, herriko jai nagusiak ospatzeko. Bihar, etzi eta hurrengo zapatuan be izango dute mundakarrez zer ospatu eta zegaz gozatu.
Sukalki lehiaketa
Suek eta jakiek hartuko dituzte bihar Mundakako kaleak. Izan be, Katillotxu Emakumeen Elkartearen laguntzagaz, sukalki lehiaketan parte hartuko dute gaur herritarrek, jaiei zapore are gozoagoa jarriz. 13:00etan aurkeztu beharko dira kazolak. Epaimahaiak aurkeztutako kazola guztiak dastatu eta gozoenak aukeratu beharko ditu. Sariak bazkaldu aurretik emongo dituzte, gainera.
Bazkalostean, T. S. Brass Band izango da herriko txokoak girotzearen arduraduna. Halanda be, horiek ez dira biharko egunean Mundakan entzungo diren doinu bakarrak izango, gaueko kontzertuek festazaleak astinduko baitituzte. Casus Belli eta Itziarren Semeak taldeak izango dira, hain zuzen, kontzertua emongo dutenak, 21:00etatik aurrera.
Domeka izango da San Pedro jaietako azken eguna Mundakan. Eskubaloi txapelketagaz hasiko dute eguna, eta buruhandiek eta txistulariek berotuko dute giroa goizean. Arratsaldean, barriz, Alma Navarrak kontzertua emongo du plazan. Saioa amaituta, azken traka piztuko dute, portuan. Hurrengo zapatuan Mundakako abesbatzak emongo duen kontzertua izango da sanpedroetako azken-azken ekitaldia.
Egitarauak
Bermeo
Ekainak 29.
– 10:30ean, udalbatza Sabino Arana enparantzan batuko da, eta Santa Eufemia elizara abiatuko da. Ondoren, 10:40an, prozesioa hasiko da Santa Eufemia elizatik.
– 11:00etan, Meza Santua Eufemia elizan.
Mundaka
Ekainak 29.
– 10:30ean, kalejira.
– 12:00etan, meza nagusia udalbatza osoagaz (Mundakako Abesbatzak Eslavaren Tu est Petrus abestuko du). Ondoren, San Pedro prozesioa eta aurreskua santuari eta agintariei.
– 18:30ean, eskupilota partidak frontoian.
– 21:00etan, Gaztezar Dantza Taldearen ekitaldia, plazan (euria eginez gero, Islakalen).
– 23:00etan, Oxabi taldeagaz erromeria, plazan.
Ekainak 30.
– 11:00etan, kalejira.
– Goizean, sukalki lehiaketa, Katilotxuren laguntzagaz.
– 13:00etan, kazolen aurkezpena eta jarraian sari banaketa.
– 19:00etan, T. S Brass Band fanfarria.
– 21:00etan, Casus Belli eta Itziarren Semeak taldeak.
Uztailak 1, domeka.
– 10:30ean, Eskubaloi Txapelketa, Islakale kiroldegian.
– 11:00etan, buruhandien kalejira.
– 13:00etan, Mundakako txistularien kontzertu ibiltaria.
– 19:30ean, Alma Navarraren kontzertua, plazan.
– 23:00etan, azken traka, portuan.
Uztailak 7, zapatua.
– 20:00etan, Mundakako Abesbatzaren kontzertua, elizan.