
San Pedro jaiak Lumon
Mundakan eta Bermeon ez ezik, Busturialdeko beste zenbait herritan be ospatuko dituzte San Pedro jaiak; Elantxoben, Gernika-Lumon, Mendatan eta Muxikan, kasurako. Herriko jai nagusiak izango dira elantxobetarrek ospatuko dituztenak; gainontzekoetan, aldiz, auzoetan izango dituzte ospakizunak.
Gaur izanik San Pedro eguna, bada, Elantxoben, Ibarrurin eta Lumon izango da zer eginik. Kostako herrian, adibidez, dianagaz hasiko dute eguna eta meza ostean trikipoteoa, umeen jolasak, mus txapelketa, pilota partidak, kontzertua eta erromeria izango dituzte.
Lumon, bestetik, urteroko ohiturari jarraituz, Elai-Alai dantzari taldearen saioa egongo da meza ostean. Arratsaldean briska txapelketa egingo dute eta 19:00etan idi probak egongo dira. Hain zuzen, Iturbe anaien (Paresi, Busturia), Juan Mari Ordorikaren (Lumo) eta Maderas Duñabeitiaren (Kortezubi) idien arteko dema izango da Lumokoa.
Auzo horretakoa ez da izango San Pedro jaien barruan egongo den idi proba bakarra, Mendatako Zarrabenta auzoan idi gazteak ariko baitira lehian uztailaren 1ean. 2.000 kiloko harriagaz, elkarren aurka ariko dira Madariaga anaien (Arrieta) eta Iturbe anaien uztarriak, probalekuaren inaugurazioa izango den horretan.
Bestalde, bihar be hainbat jarduera egongo dira Elantxoben eta Lumon. Antzinako argazkien erakusketa egongo da ikusgai goizean Elantxobeko kofradian eta 13:00etan, duela zenbait urte hasitako bideari helduz, herritarren arteko batel desafioak egingo dituzte. Marmitako txapelketa be egingo dute bihar, eta gauean herriko eta Ibarrangeluko semeez osatutako The Uski’s taldea igoko da taula gainera, gauari musika alaia ipiniz.
Lumon be egitarau zabala dago prestatuta biharko. Hala, bizikleta ibilaldia, tortilla txapelketa, igeltoka eta tiragoma txapelketa, herri bazkaria, erromeria, mus txapelketa, asto probak eta disko festa egongo dira, besteak beste. Onintza Enbeita, Xabier Enbeita eta Ander Elortegi bertsolariak entzuteko aukera be egongo da Lumoko plazan.
Ibarrurin asteburuan izango dituzte ospakizunak. Besteak beste, umeentzako jolasak, herri bazkaria, poteoa, bakailao jana, erromeria eta igel txapelketa egongo dira Muxikako auzoan.
Egitarauak
Elantxobe
Ekainak 29
– 10:00etan, diana.
– 12:00etan, meza, Zornotzako abesbatzagaz.
– 13:00etan, trikipoteoa Argi eta Ikerrekin. Pintxoak eta edaria egongo dira.
– 17:00etan, umeen jolasak Elizabarrijen: txingak, lokotx bilketa, indar probak…
– 18:00etan, mus txapelketaren finala.
– 19:00etan, pilota partidak.
– 20:00etan, trikipoteoa Eako Gorkagaz eta aurten pandero ikastaroan parte hartu duten Zuriñe, Uxue eta Olatzekin.
– 22:00etan, Maldon rock taldea.
– 23:00etan, erromeria Gora Herria taldeagaz.
– 00:01etik aurrera, musika txosnan.
Ekainak 30, San Pedro Txiki.
– 10:00etan, diana.
– 10:00etatik 13:00etara, antzinako argazkien erakusketa kofradian.
– 13:00etan, trikipoteoa Argi eta Ikerrekin.
– 13:00etatik 15:00etara, batel desafioak herritarren artean.
– 15:00etan, marmitako txapelketa. Gaur emon behar da izena txosnan, 10 euro ordainduta.
– 17:00etan, puzgarriak (Baga-Biga), kofradiaren ondoan.
– 19:00etan, erraldoien konpartsa.
– 22:00etan, The Uski’s taldearen kontzertua.
– 23:00etan erromeria Mikelhats taldeagaz.
– 00:00etatik aurrera, musika txosnan.
Uztailaren 1a, domeka.
– 11:00etan, diana eta meza nagusia.
– 13:00etan, Ibarrangeluko Lorea dantza taldearen saioa Elizabarrijen.
– 17:00etan, umeentzako txokolate jana eta mozorroak.
Uztailaren 8a, domeka.
– Elantxobeko II. Mendi Martxa.
Mendata (Zarrabenta)
Uztailak 1, domeka. Jaia San Pedro baselizaren inguruan, Zarra Berri lagun elkarteak antolatuta.
– 11:30ean, meza herriko koruak abestuta (Elexalden eta Albizen ez da mezarik egongo egun horretan).
– Meza ostean, ardoa eta gailetak. Trikitilariek alaituko dute giroa. Ondoren, bazkaria txokoan.
– 12:30ean, probalekuaren inaugurazioa. Idi gazteen lehen plazaratzea. Pisu librean, 2.000 kiloko harriagaz: Madariaga Anaiak (Arrieta) eta Iturbe Anaiak (Paresi, Busturia).
Muxika (Ibarruri)
Ekainak 29
– 11:30ean, meza nagusia, abesbatzagaz.
– 12:30ean, hamaiketakoa.
– 14:00etan, herri bazkaria.
Ekainak 30
– 11:30ean, suziriak eta poteoa.
– 22:00etan, bakailao jana. Ostean, erromeria.
Uztailak 1, domeka.
– 11:30ean, meza nagusia, herriko abesbatzagaz. Ostean, karramarroak eta piperrak.
– 12:30ean, umeen jolasak Ane soinulariagaz.
– 14:00etan, igel txapelketa (izena emotea, 2 euro). Sariak: 30 euro, 20 euro eta xanpaina.
Gernika-Lumo (Lumo)
Ekainak 29.
– 12:00etan, San Pedro jaien hasiera, txupinaren jaurtiketagaz; ordu berean, meza nagusia, eta ostean, ardo eta gailleta dastaketa, Totoricagüenaren eskutik.
– 13:00etan, Elai-Alai dantzari taldearen ekitaldia.
– 17:00etan, Briska Txapelketa. Izena emotea bost euro ordaindu behar dira, bikoteko.
Sariak: Otzaratxoa, zapia eta lore sorta, Egoargintza harategiaren eta Lumoko lorategiaren eskutik; Ile apainketa sorta, Sorkun ileapaindegiaren eskutik; Toalla sorta, Totoricagüena supermerkatuaren eskutik.
– 19:00etan, Lumoko Idi-probak, pisu librean. Parte hartzaileak: Iturbe Anaiak (Paresi, Busturia), Juan Mari Ordorika (Lumo) eta Maderas Duñabeitia (Kortezubi).
Ekainak 30.
– 08:00etatik 14:00etara, bizikleta ibilaldia.
– 11:00etatik 11:30era, Tortilla Txapelketan izena emotea.
– 11:00etatik 11:30era, igeltoka eta tiragoma txapelketan izena emotea. Gaztetxoei zuzendu-ta.
– 11:30etik 13:30era igeltoka eta tiragoma txapelketa. Sariak: 15 euro; 10 euro; 5 euro.
– 13:30ean, tortillen aurkezpena.
– 14:00etan, tortilla txapelketaren sari banaketa. Sariak: 60 euro, 50 euro eta 40 euro.
– 14:30ean, Lumoko bizilagunen anaiarteko herri bazkaria. Mahaikide bakoitzak 8 euro ordaindu beharko ditu (txartelak Sorkun ileapaindegian daude salgai).
– 17:00etan, erromeria Obietagaz.
– 17:00etan, Mus Txapelketa. Izena emotea: 10 euro parte hartzaileko. Sariak: %40a eta txapela, %30a eta %20a.
– 18:30ean, igeltoka eta tiragoma txapelketa. Sariak: 25 euro eta txapela; 15 euro; 10 euro. Jai batzordearen tira-gomak erabiliko dituzte parte hartzaileek.
– 20:00etan, asto probak.
– 21:00etan, bertso saioa: Onintza Enbeita, Xabier Enbeita eta Ander Elortegi.
– 22:00etan, disko festa.
Uztailak 1, domeka.
– 09:00etan, oinezkoen martxa. Ostean, hamaiketakoa.
– 11:00etatik 11:30era marmitako txapelketan izena emotea.
– 13:00etan, meza.
– 13:30etik 14:00etara, kazolen aurkezpena.
– 14:30ean, marmitako txapelketaren sari banaketa. Sariak: 150 euro, 100 euro, 80 euro, 60 euro eta 50 euro. Parte hartzaile guztientzako sari berezia.
– 17:00etan, tute txapelketa. Izena emotea: 10 euro parte hartzaileko. Sariak: %40a eta txapela, %30a eta %20a.
– 17:00etatik 20:00etara, umeentzako jolasak, URE taldeagaz.
– 19:45ean, zozketa, Uribarri kirolen eskutik.
– 20:00etan, txokolatea umeentzat.
– 20:00etatik 22:00etara, gaztetxoentzako diskoteka.