Udalak 445.000 euroko dirulaguntza eskatu du kofradia berrantolatzeko
Arrantzaleen kofradia barrutik berrantolatzeko beharrizana ikusten du Elantxobeko Udalak; horretarako, baina, dirulaguntza beharra du. Hori dela eta, 445.000 euroko laguntza eskatu du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailak eskaintzen duen Itsaspen programaren bitartez.
Elantxobeko azken arrantza ontziaren desagertzeagaz batera, herriko arrantzaleek udalaren esku utzi zuten kofradia zena joan den abenduan. Hala, Elantxobeko Udalak lanpostuak sortuko zituen ekintzak bultzatzeko asmoz hartu zuen kofradiaren jabetza orduan.
Oraindik Elantxobeko Udalak ez du zehaztu zeintzuk izango diren bertan gauzatuko diren proiektuak; dena den, proiekturen bat duenik be badela aitortu du herriko alkate Koldo Olagibelek. halanda be, haren esanetan, «oraindik ez dago ezer erabakita; izan be, interesa duen hori laguntza batzuen zain dago eta ez du behin betiko erantzunik emon».
Dirulaguntza horiek jasoko dituen ala ez jakiteko, abendura arte itxaron beharko du udalak; bitartean, bere horretan mantenduko dute kofradiako eraikina. Dean den, eskatutako laguntza horiek jasotzeko aukerak badituztela uste du Elantxobeko alkateak. Izan be, Olagibelen ustetan, «eraikin adierazgarria» Elantxoberentzat; «bertoko herritarrek egindakoa da, gainera».
Langabetuentzako aukera
Bi solairuko eraikina da Elantxobeko kofradiarena. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, beheko solairuan hiru lonja sortzeko asmoa du udalak, «herriko langabetuek proiekturen bat gauzatzeko aukera izan dezaten». Posible balitz, arrantzarekin erlazionatutako proiektua gauzatzea gustatuko litzaioke udalari; dena den, gainontzeko proiektuak be hartuko ditu kontuan udalak.
Goiko solairua, bestalde, herriko jendeari zuzendutako tokia izango litzateke; bertan, erakusketa gela, batzar gela eta herriko txokoa egiteko asmoa du.