2012rako aurrekontua 876.763 eurotan murriztuko du Bermeok
Bermeoko Udalak 876.763 euro gutxiago izango ditu aurtengo aurrekontuan. Gainera, hurrengo urteko aurrekontua superabitagaz onartzea aurreikusi dute; 509.840 eurokoa, hain zuzen be. Neurri hori hartu behar izan dute 2011ko aurrekontuaren likidazioa 1,3 milioi eurotan izan delako negatiboa. Bada, erabaki hori osoko bilkuran onartu zuten astelehenean, Bilduren aldeko botoekin. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek, aldiz, neurri horren aurka bozkatu zuten. Nahiz eta 2011ko likidazioa 1,3 milioitan izan den negatiboa, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, «gaur egungo testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, ez da hain txarra izan, hainbat arrazoirengatik». Batetik, udalak aurreikusita zuena baino gutxiago gastatu du; hau da, «17,5 milioiko gastuak egitea aurreikusi genuen, baina 17,2 milioi gastatu ditugu». Diru hori aurrezteko zenbait neurri hartu behar izan dituztela jakinarazi du alkateak; adibidez, «nahiz eta erabaki polemikoa izan zen», Gabonetako argiak ez ipintzea erabaki zuen udalak, 55.000 euro aurreztuz. Bestetik, patronatuetarako udal aportazioak jaitsi egin ziren, «ikusita superabitagaz amaitzen zutela urtea». «Ahaleginak egin dituzte» Iazko kitapena, halanda be, negatiboa izan da, «ahaleginak egin» dituzten arren. Batetik, negatiboa izan da 2008ko, 2009ko eta 2010eko gastuak ordaintzeko ez zelako diru nahikorik egon urte horietan, eta 2011ko diruagaz ordaindu behar izan dutelako, Bidegurenek azaldu moduan. Bestetik, Berualaren «egoera ekonomiko larria» aipatu du alkateak. «Elkarteak udalari ordaindu [...]
Bermeoko Udalak 876.763 euro gutxiago izango ditu aurtengo aurrekontuan. Gainera, hurrengo urteko aurrekontua superabitagaz onartzea aurreikusi dute; 509.840 eurokoa, hain zuzen be. Neurri hori hartu behar izan dute 2011ko aurrekontuaren likidazioa 1,3 milioi eurotan izan delako negatiboa. Bada, erabaki hori osoko bilkuran onartu zuten astelehenean, Bilduren aldeko botoekin. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek, aldiz, neurri horren aurka bozkatu zuten.
Nahiz eta 2011ko likidazioa 1,3 milioitan izan den negatiboa, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, «gaur egungo testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, ez da hain txarra izan, hainbat arrazoirengatik». Batetik, udalak aurreikusita zuena baino gutxiago gastatu du; hau da, «17,5 milioiko gastuak egitea aurreikusi genuen, baina 17,2 milioi gastatu ditugu». Diru hori aurrezteko zenbait neurri hartu behar izan dituztela jakinarazi du alkateak; adibidez, «nahiz eta erabaki polemikoa izan zen», Gabonetako argiak ez ipintzea erabaki zuen udalak, 55.000 euro aurreztuz. Bestetik, patronatuetarako udal aportazioak jaitsi egin ziren, «ikusita superabitagaz amaitzen zutela urtea».
«Ahaleginak egin dituzte»
Iazko kitapena, halanda be, negatiboa izan da, «ahaleginak egin» dituzten arren. Batetik, negatiboa izan da 2008ko, 2009ko eta 2010eko gastuak ordaintzeko ez zelako diru nahikorik egon urte horietan, eta 2011ko diruagaz ordaindu behar izan dutelako, Bidegurenek azaldu moduan. Bestetik, Berualaren «egoera ekonomiko larria» aipatu du alkateak. «Elkarteak udalari ordaindu ezin dion milioi bat euro baino gehiago zor dizkio, erositako lur batzuengatik. Diru hori kobratzea posible izango ez dela eta, kontu-hartzaileak kobragaitz modura ipintzeko gomendioa egin du. Beraz, sarrera horiek kontuetan ez aurreikustea erabaki dugu».
Sarrera horiek aurreikusiz gero, datuak «ez liratekeela benetakoak» izango uste du Bidegurenek. «Ezinbestekoa da errealistak izatea eta herritarrei gauzak argi esatea».
Neurriak hartu
Bermeoko Udalak egoera horri «erantzukizunez eta seriotasunez» aurre egin behar diola diote, «hartu behar diren neurriak hartuta Bermeoren etorkizuna bermatzeko».
Udalak bi aukera dituela jakinarazi dute: gauzatzen ari den aurrekontua 1,3 milioi eurotan murriztea edo hurrengo urteko aurrekontua superabitagaz onartzea. Gauzak horrela, aurton «ahalik eta ahalegin handiena» eginik, 876.763 eurotan murriztuko dute aurrekontua eta datorren urteko aurrekontua 509.840 euroko superabitagaz onartzea aurreikusten dute.
«Murrizketak egitea ez da atsegina», esan du Bidegurenek, «baina egin ezean egoerak txarrerantz egingo du. Beraz, arduratsuak izango gara eta, erantzukizunez, hartu beharreko neurriak hartuko ditugu».
EAJ aurka
Osoko bilkuran urte honetarako aurreikusi dituzten murrizketen aurka agertu dira EAJko zinegotziak. Iazko datuak «hain txarrak» ez direla izan entzuteak «poztu» egiten du EAJren udal taldea. «Bilduk agintaldia hasi zuenean batzar bat antolatu zuen herritarrei azaltzeko zelako egoera larrian zegoen udala. Zelako zuloa zuen eta zenbat zor zituen azaldu zuten bertan. Euren hitzetan, udalean ez zegoen dirurik; beraz, herritarrei azaldu zieten zaila izango zela herrian gauzak egitea. Herria ikaratu zuten», azaldu du prentsaurrekoan Amaya Gazteluk.
«Gauzak horren larri ipini eta gero, egoera hain txarra ez» dela izan azaldu du Bermeoko alkateak udalbatzarrean, beraz, udalaren egoera ez zen horren txarra», gaineratu du Gazteluk.
EAJko zinegotziek azaldu legez, «kobratu behar zen guztia kobratuz gero eta ordaintzekoak ordainduta, 3.500.000 euroko soberakina egon ahalko litzateke. Halanda be, Bilduren iritziz, kobratzeko dauden 6 milioi euroetatik, zuhurtziagatik, 4.800.000 euro inguru kobragaitz moduan ipini dituzte».
Bilduk hartutako erabaki hori kritikatu du EAJren udal taldeak. Izan be, jeltzaleen ustez, «iritzi bat besterik ez da». «Ahal izan dute esan 6 milioiak ez direla kobratuko, edo 2 milioi. Beraien erabakia da hori». Horiek 4.800.000 euroak kobratu izan balira, urtea positiboan zarratu ahal izango litzatekeela deritzo Gazteluk.
1,3 milioi euroko defizitari aurre egiteko «aurton herria gobernatzeko dagoen aurrekontua 800.000 euro baino gehiago murriztu dute». Murrizketak ekartzen ditu horrek, zenbait arlotan bereziki: Behargintzako pertsonal kontratatuan (38.000), Udaltzaingoan (24.000), Bermibus zerbitzuan (3.000), Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (35.000), auzobideetan (20.000), Aita Guria eta Ortuberen mantenuan (20.000)… «Ikaragarrizko murrizketa da hori, eta gauzak modu askotara egin daitezke», esan du EAJk.
Halaber, Bilduri gogorarazi dio kudeaketaren baitan dagoela kobratu behar dena kobratzea.