Argazki esanguratsuak liburuetan egon behar direla uste duenik bada munduan; hartara, beti mantenduko dira, etxeko zein liburutegietako apaletan. Hibai Agorria argazkilari gernikarra be uste berekoa da, eta baita Busturiko Joseba Barrenetxea be. Gainera, ez omen gaude argazkiak liburuetan ikustera ohituta.
Bada Gernika-Lumon berebiziko garrantzia izan duen gertaera bat: 1937ko bonbardaketa, alegia. Aurten 75 urte bete dira gernikarrek ezbehar hura bizi izan zutenetik, eta data hori ez da hain aise ahazten den horietakoa. Sarri askotan hitz egin ohi da Gernikako bonbardaketaz, baina aurton beste era batera azaldu dute herritarrek 1937ko apirilaren 26 hartan gertatutakoa. Hain zuzen be, bi urteko prestaketa lanen ondorioz, Gernika Sutan kale antzerkia antzeztu zuten hainbat herritarrek herriko kaleetan zehar. Pentsamendu batekoa zein bestekoa, umea zein heldua, emakumezkoa zein gizonekoa… Guztiak bat eginik oroimenera begirako antzerkian.
Antzerkiaren beste aldean, ostera, Agorria eta Barrenetxea izan ziren egun horretan, kamera bitartez irudiak hartuz. Gerora, bien argazkiak biltzen hasi eta esku artean gauza handia zutela ohartu ziren. Hala, liburu bat kaleratzea proposatu zion bikoteak Gernika-Lumoko kultur etxeari. Azken horren onarpenagaz kalean da dagoeneko Gernika Sutan. Bi begirada oroimenari liburua.
Emoziozko liburua izatea bilatzen zuten artista biek; azkenean be, kutsu dokumentalista eta artsitikoa uztartu eta oroimenerako 72 orrialdeko liburuxka kaleratzeko aukera izan dute Agorriak eta Barrenetxeak. Zuri-beltzean argitaratutako irudiak jasotzen ditu liburuak, «herritarra paperean hobeto sartzeko».
80 bat argazki
Argazki ugari atera zituen eskualdeko bikoteak egun hartan, baina ezin guztiak liburuxka batean bildu. Hala, guztietatik, 80 bat aukeratu zituzten; guztietan «adierazgarri eta esanguratsuenak». Xehetasunak, plano zabalagoak, artistikoagoak, dokumental kutsu gehiago dutenak… Orotariko irudiak eskaintzen dizkiete herritarrei. Agorriaren esanetan, «antzerkiak berak izan duen pisu guztia isladatzen» saiatu dira liburuaren bitartez.

Momentuz, herritarrak liburuxkagaz soilik konformatu beharko du, aurrerago, agian, erakusketaren bat egiten be aursartuko da bikotea. Ordura arte, eskuragarri izango ditu nahi duenak bikotearen liburuxkak Gernika-Lumoko kultur etxean, 10 eurotan.