Euskal gatazkaren biktima guztiak omendu ditu Amaiurrek Batzar Etxean
Amaiur alderdi politiko abertzaleak Euskal gatazkaren biktima guztiak omendu ditu Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Maite Aristegi Amaiurren diputatuak jakinarazi duenez, “hainbeste basakeria eta eskubide urraketaren lekuko izan den herrian batu gara indarkeria mota guztien biktimei errekonozimendua adieraztera”. Azaldu duenez, biktimek merezi duten kalte-ordaina da, eta horrenbestez, Amaiurrek “egia osoaren ezagutza” defendatuko du aurrerantzean be. Aristegik nabarmendu duenez, Amaiurrek argia ikusi zuen lehenengo egunetik, biktima guztiei “atsekaberik sentikorrena” adierazi die alderdiak. Hala, “oroimenean, errekonozimendua eta errespetuan oinarritutako adiskidetzaren alde” lanean jarraitzeko borondatea berretsi du Aristegik. Amaiurreko kideen ustez, “elkarrizketa eta akordioa” dira gatazkaren erabateko konponbidea lortzeko modu bakarra, eta horrenbestez, ekimen demokratikoen eta baketsuen alde pausoak emongo ditu alderdi politikoak. “Indarkeriaren eta mehatxuen kontrako gure konpromisoa adierazten dugu beste behin” esan du Aristegik. Hitzaldi labur baten, Espainaiko Kongresuak antolatutako ekitaldira ez joateko arrazoiak azaldu ditu Aristegik. Alderdiko kideen ustez, ekitaldi horrek ez du aintzat hartzen Euskal Herriak jasan duen sufrimendu guztia. Hala, biktima guztiak onartzen ez dituela eta, Madrilgo (Espainia) ekitaldira ez joatea erabaki dute. “Alderdikeriaz antolatutako ekitaldia da, eta ez du ekarpen positiborik egiten euskal gatazkaren konponbidean” salatu du Aristegik. Aristegik euskarazko testua irakurri ostean, amaiurreko ordezkariek gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakurrik zuten adierazpen bera.




