Errefusatu egin du Auzitegi Gorenak Eneko Goieskoetxearen azken helegitea
Berri agentziek jakinarazi dutenez, Londresko Auzitegi Gorenak errefusatu egin du Eneko Goieaskoetxea preso busturiarraren azken helegitea; Espainiaratzeko eskaeraren aurka Erresuma Batuko Justizian jar zezakeen azkena, alegia. Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioz, presoa aurki espainiaratuko dutela azaldu dute berri agentziek.
Preso politiko busturiarra espainiaratzeko baimena maiatzean emon zuen Londresko Auzitegi Nagusiak.2011ko uztailaren 7an atxilotu zuten busturiarra Cambridgen. Zortzi euroagindu emonak zituen Espainiak haren kontra.
Gutzira, hamabost dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Goieaskoetxeari egotzi diezaizkiokeen delituak; besteak beste, Bilboko Guggenheim museoaren inaugurazioan ertzain bat hil izana leporatzen diote. Horrez gain, Espainiako errege Juan Carlos Ia hiltzen saiatzearen delitua be egotzi diezaioke; izan be, Auzitegi Nazionalak delitu horregatik ezin izango lukeela epaitu ebatzi zuen Westminsterko epaile Daphne Wickhamek; dena den, Wickhamek ebatzitakoa bertan behera uztea erabaki zuen Londresko Auzitegi Nagusiak maiatzean.
Bestalde, hil honen hasieran egun batzuetako gose greba egin zuen Belmarsh-ko espetxean busturiarrak, bisitak euskaraz izateko jartzen zizkioten eragozpenak zirela-eta.