
Abiadura handiko munduan abiadura handiko elikagaiak kontsumitzeko ohitura dauka gizarteak, lehengaien kalitateari erreparatu barik. Baina, nondik datoz lehengai horiek? Eta zelako substantzia kimikoak erabiltzen dituzte ekoizleek elikagaien tratamendua egiteko? Galdera horiei erantzuna emoteko eta elikadura ekologiko baten aldeko pausoak emoteko, Busturialdeko zenbait ikastetxetako gurasoek eta ordezkariek Jan Tokikoa plataforma sortu dute. Eskualdeko ikastetxeetako jantokietan bertoko produktu ekologikoak emoten hastea da helburua, eta, bide horretan, baikorrak dira. Jakin badakite urteak beharko dituztela eskoletako menuak guztiz ekologikoak izan daitezen lortu arte, baina behintzat bidean jarri direla nabarmendu dute. “Bizikleta zutunik jarri behar dugu lehenengo, eta, ondoren, pedalei eragiten hasiko gara”.
Duela bederatzi hilabete inguru hasi ziren lanean plataformako kideak, eta dagoeneko “fruituak batzen” hasi dira. Hala, eskualdeko gurasoek “interes handia” erakutsi dutela argudiatuta, “pozik” azaldu da Jan Tokikoa. Plataformako kideek diotenez, gurasoen “kezka nagusia elikagaien kalitatea” izan da beti, eta, zentzu horretan, gaiari nondik heldu badagoela esan dute.
Bestalde, herritarrak “nahikoa kontzientziatuta” daudela eta, apurka-apurka eskualdeko ikastetxeetan produktu ekologikoak emoten hasiko direla uste dute. Gutxinaka sartu beharko dituzte bertoko elikagai ekologikoak ikastetxeetako menuetan, baina “garrantzitsuena martxan jartzea” dela diote. Gernika-Lumoko San Fidel ikastolan eta Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxean, esaterako, elikagai osasuntsuak emoten hasiko dira datorren ikasturtetik aurrera. Aintzindariak izango dira eurak.
Plataformako kideen berbetan, San Fideleko eta Sagrado Corazoneko esperientzia martxan jartzea “oso aberasgarria” izango da gainontzeko ikastetxeentzat. Izan be, esperientzia aintzindari horietatik ikasteko aukera izango dute besteek.
Menu ekologikoen onurak
Ikastetxeetan menu ekologikoak sartzen hasteko arrazoi nagusia gazteen osasuna izan arren, plataformakoen berbetan, bertoko produktu ekologikoak kontsumitzeak “onura gehiago” emongo dizkio eskualdeari. Tokiko ekonomiak, ingurumenak, hezkuntzak eta ondareak asko eskertuko dutela deritzote.
Ekonomia arloan, esaterako, bertoko “lehenengo sektorea suspertzeko” balioko luke ikastetxeetako jantokietan menu ekologikoak sartzen hasteak. Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, iraganean “inguruko saltzaileei” erosten zitzaizkien eskoletarako elikagaiak, baina, azken urteetan, catering enpresak tarteko, elikagaiak kanpotik datoz. Hala, bertoko lehenengo sektoreak behera egin du, elikagaien kalitateak bezala. “Eredu zentralizatuak ez gaitu bikaintasunera eroan, eta gurasoen kezkek plataforma sortzera bultzatu gintuen”, azaldu dute.
Hurrengo pausoak
Lehenengo hilabeteetan eredu ezberdinak aztertzen eta informazio zehatza jasotzen ibili dira plataformako kideak, baina dagoeneko hurrengo pausoetan pentsatzen dabiltza. Informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan datorren ikasturtetik aurrera, eskualdeko ikastetxeetako gurasoak plataformara batzea baitute helburu. “Gurasoak nahikoa kontzientziatuta daude dagoeneko, baina masa kritikoa handituz gero, bertoko elikagai ekologikoen alde egitea errazagoa izango litzateke”, plataformakoen ustez. Zentzu horretan, ikasturte barria hasitakoan Busturialdeko ikastetxe guztietako ordezkariekin batu gura dute. Batzar horretan, plataformak batu duen informazio guztiaren berri emongo diete bildutakoei.
Bestalde, ikastetxeekin lanean hasi arren, plataformako ordezkarien epe luzerako helburuetako bat eskualdeko jantoki kolektibo guztietan menu ekologikoak emoten hastea izango litzateke. Busturialdeko ikastetxeetan, enpresetan eta adinekoen egoitzetan, esaterako, egunero 8.000 menu inguru emoten dituzte. Hala, ekimenak indarra hartzen duen heinean, gainontzekoek be aldarrikapenagaz bat egingo dutelakoan daude Jan Tokikoa osatzen dutenek.
San Fidel eta Sagrado Corazon aintzindariak izango dira
Gernika-Lumoko San Fidel ikastola eta Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxea jantokietako menuetan bertoko elikagai ekologikoak sartuko dituzten lehenengoak izango dira. Mirari Cuende San Fideleko Agenda 21eko koordinatzaileak azaldu duenez, “datorren ikasturteko 70 bat egunetan elikagai ekologikoak izango dituzte bi jantokietako menuek”. Dioenez, “gogotsu” heldu diote erronka barriari, ezinbesteko pauso bat dela iritzita.
Cuenderen berbetan, Eskolako Agenda 21en bitartez heldu dira gaur egungo egoerara. Agendako koordinatzaileak jakinarazi duenez, azken zazpi urteetan hainbat gai jorratu dituzte Agenda 21en barruan, baina “pauso bat harago” joan gura zuten. Hala, ikastolako jantokian bertoko elikagai ekologikoak emoten hastea erabaki zuten.
Behin erabakia hartuta, San Fideleko arduradunak Askora catering enpresagaz jarri ziren harremanetan. Askora ikastola horren hornitzailea da eta, Cuendek jakinarazi duenez, enpresako arduradunek ez zuten trabarik jarri ideiaren barri izan zutenean. Hala, enpresako ordezkariak bertoko ekoizleekin jarri ziren harremanetan, eta menuan sar zitezkeen elikagai kopuruak zehaztu zituzten.
Askora Sagrado Corazoneko hornitzailea be bada eta, horrenbestez, Bermeoko ikastetxeko arduradunek albistearen barri izan zutenean, San Fidelegaz bat egitea erabaki zuten.
Cuendek dioenez, “Askoraren arazo larriena behar besteko elikagai kopurua aurkitzea izan da”. Busturialdean lehenengo sektoreak beherakada nabarmena izan duela eta, bertoko hainbat baserritarrekin jarri behar izan da harremanetan catering enpresa. Halanda be, ikastolaren beharrizanak asetzeko beste elikagairik aurkitu ez dutenez, aurten 70 egunetan jango dituzte bertoko produktuak ikasleek, baina datozen ikasturteetan zenbateko hori handitzea espero dute San Fidelekoek.
Agenda 21eko koordinatzaailearen berbetan, bertoko elikagai ekologikoak osasungarriagoak dira, baina badituzte onura gehiago be. Izan be, proiektuak aurrera eginez gero, eskualdeko nekazaritza suspertzeko aukera egongo litzatekeela uste du hark be. “Eskaria handituz gero, eskaintza be hazi egin beharko litzateke eta, horrenbestez, etekin ekonomiko handiagoak izango lituzkete baserritarrek”.
Halanda be, aldaketa “apurka-apurka” emon behar dela deritzo Agenda 21eko koordinatzaileak, bestela, “desoreka handiegia” egongo baitzen eskariaren eta eskaintzaren artean.
Ez dira garestiagoak
Cuenderen berbetan, produktu ekologikoak menuetan gutxinaka sartuz gero, jantokiko urteko kuota ez da garestitzen. Nabarmendu duenez, “kalitatezko produktuak emon gura ditugu, baina ezin dugu kuota garestitu”. Hala, urtetik urtera elikagai kopurua handitzen saiatuko dira, baserritarren laguntzagaz. Izan be, Busturialdeko baserritarrek eta ikastetxeetako jantokiek eskutik helduta joan behar dutela deritzo.