
Beteranoak eta gazteak, osagarri apartak itsasoan barrena aritzeko. Batzuek eskarmentua, besteek ilusioa; guztiek batera, puntako arrauna. Horrelakoa da Elantxobeko aurtengo taldea: gaztea eta heldua, itxaropentsua. «Talde orekatua» da aurtengoa, Elantxobe Arraun Elkarteko presidente Patxi Egurrolaren ustetan. Lehendik izandakoek eta herrira bueltan etorritakoek «talde polita» osatu dute, haren esanetan.
Urritik hasita izan du talde osoa Elantxobek, eta hori «nabarnentzen da» arraun egiterako orduan. Helburua argi du: «maila mantentzea, beste urte batzuetan sufritutakoa sufritu barik». Iaz KAE 2 mailan aritu eta garaipena eskuratu zuen Busturialdea Arraun Taldeak. Horren ondorioz, aurten KAE 1 mailako taldeekin batera ariko da lehian.
Denboraldiko lehen estropada Elantxoben bertan jokatuko dute, hilaren 24an. «Estropada garrantzitsua» izango da elantxobetarrentzat; izan be, 25. aldiz lehiatuko da estropada herrian, eta eskarmentua duen elkartea dela erakusteko aukera izango du Busturialdeak egun horretan.
Gertu-gertu duten denboraldian itxaropentsu ariko dira arraunean, baina «zail» izango dute onenen artean egotea; izan be, «konpetentzia handia» nabarituko dela argi dauka Egurrolak.
«Kirol mailako erreferentzia» be bilakatu gura du taldeak, «kirol munduan hezitzeko aukera eskainiz».
Taldeko entrenatzaile Aitor Alzibarrek esan duenez, astegunetan Elantxoben entrenatzen dute; eta asteburuetan Bilbon, neguan Elantxoben entrenatzea «ezinezkoa» delako. Asteburuak aprobetxatzen dituzte denak batu eta uretara salto egiteko. «Ez da talde indartsua, baina aukerak ditu arraunean polito egiteko». Hala definitzen du taldea entrenatzaileak. Hemendik aurrera, lehenengo luzean egiten duten denbora estropada osoan zehar mantendu beharko dute, emaitza hobeak lortzeko. Horretarako gai izatea da, behintzat, Alzibarren asmoa.