
Hasi dira, baina ez dira amaitu oraindik Gorpuzti jaiak Ibarrangelun. Asteburu guztian zehar izan dute zegaz gozatu ibarrangelutarrek. Bertsoak, musika, kalejira, herri bazkaria, meza, dantza saioak… eta beste hainbat jarduera izan dira asteburuan Busturialdeko herrian.
Dena den, ez dira oraindik jaiez aspertu Ibarrangeluko bizilagunak; horregatik, datozen egunetan be Gorpuzti jaiak ospatzen jarraituko dute. Besteak beste, paella txapelketa egingo dute bihar. Izen emotea 12:00etan zabalduko dute, eta 14:00etan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek paellak.
Arratsaldean, bestalde, eskupilota eta pala partidak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnak. Lehenengo Gautegiz Arteagako eta Ibarrangeluko umeen partidak jokatuko dira, eta ostean, profesionalen partida bat jokatuko dute Capellan/Irusta eta Leiza/Galarza bikoteek. 17:00etan hasiko dira partidak.