Herritarren parte hartze «garrantzitsuarekin» amaitu da Bermeoko Ingurumen Astea
Bermeoko Udaleko Ingurumen sailak antolatzen duen Ingurumen astearen baitan antolatutako jarduerek harrera «ona» izan dutela nabarmendu dute. Izan be, jarduera guztietan herritarren partehartzea «garrantzitsua» izan dela jakinarazi du Udalak. Hainb...
Bermeoko Udaleko Ingurumen sailak antolatzen duen Ingurumen astearen baitan antolatutako jarduerek harrera «ona» izan dutela nabarmendu dute. Izan be, jarduera guztietan herritarren partehartzea «garrantzitsua» izan dela jakinarazi du Udalak.
Hainbat izan ziren joan den astean Ingurumen Eguna ospatze aldera antolatutako ekimenak. Horrela, lehenik eta behin sendabelarrak ezagutzeko ibilbide bat antolatu zuten. «Partaideen interesa ikusita eta Berbalagun taldearen laguntzarekin, posible litzateke datorren urtean ikastaro hori errepikatzea. Orduan sendatzeko ukenduak prestatzen be ikasiko genuke», adierazi du Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen saileko teknikariak.
Urdaibaiko saneamendua eta Lamiarango araztegiari buruzko hitzaldira 30 pertsona baino gehiago hurbildu zirela esan dute. Batxi Aranburu Busturialdeko Ur Partzuergoko injinerua izan zuten hizlari eta haren esanetan, Bermeoko eta Mundakako ur-zikinak izango dira tratatuko diren lehenak, saneamendu sareko obra amaituta dagoelako. «Seguruenik datorren urtean hasiko dira horiek tratatzen Lamiarango araztegian», zehaztu zuen.
Umeek ba ondo pasatzeko aukera izan zuten barikuan. Birziklatutako gauzekin, betaurrekoak, kotxeak eta beste jostailu batzuk egin zituzten Idoia Gabantxo diseinatzailearen laguntzagaz.
Zapatuan, barriz, itsas irteera gidatuak egin zituzten eta urtero legez, «arrakastatsuak» izan dira aurton be. «Izen-emotea zabaldu zen egun berberean amaitu ziren lekuak», esan du Aurrekoetxeak. Eguraldiak, halanda be, ez zuen askorik lagundu.





