
Muxikako Udala prest agertu da Josune Onaindia preso politiko muxikarraren egoeraren jarraipena egiteko, eta, behar denean, familiari eta ingurukoei laguntza emoteko. Hala adierazi zuten, behintzat, zapatuan Busturialdeko Herrira ekimenekoek Muxikan egindako prentsaurrekoan.
Bertan, muxikarrari ezarri barri dioten 197/2006 sententzia gogora ekarri zuten, eta dagoeneko kalean izan behar zuela salatu zuten. Gainera, horren harira, Muxikako Udalak onartutakoaren mozioaren barri emon zuten.
Besteak beste, 197/2006 sententzia salatzea onartu zuen udalak mozioaren bitartez. Hala, salaketa behar den tokira helaraztea eta Onaindiaren eta haren senarraren askatasuna exijitzea onartu zuten. Mozioaren arabera, bidegabeko neurri horien barri emon beharko dio udalak herritarrei, eta, era berean, herritarrak neurri horien aurkako ekintzetan parte hartzera deituko ditu.
«Euskal Preso Politikoen aurkako salbuespen egoeragaz bukatu beharra» dagoela be esan zuten Herrirakoek zapatuan. Era berean, gaixo dauden presoen kaleratzea eta «praktikan bizi osoko zigorra den Parot Doktrina» desagertzea eskatu zuten bertaratutakoek.
Presoen eskubideen alde
Herrirakoen arabera, «Euskal Herriaren gehiengoa da euskal preso politikoen eskubideen aldeko jarrera erakutsi izan duena, eta hainbat dira, gainera, horren adibide: urtarrilaren 7ko manifestazio erraldoia, hainbat herritan burutu diren ekimenak, maiatzaren 19an ospatutako Goazen Plazara! Ekimena…». Muxikarren kasuan, gainera, maiatzaren 29an udalak onartutako mozioa be bada horren adibide.
Horren guztiaren aurrean, Parot Doktrinaren kontra eta, bereziki orain, Onaindiaren alde egingo dituzten ekimenetan parte hartzera deitu zituzten bertatik herritarrak.