Herritik herrirako doinuak
Ez da Rock&Rallya, baina bai Rockomobila. Leku ezaren eta ordutegi mugaren oztopoa gainditu eta soinu biziz atera da beste behin Gernika-Lumo. Ipar tabernaren aurrealdea, Merkurio iturria, Juan Calzada kalea eta udaletxe aurrean izan ziren zapatuan musikaren jabe. Izan be, kamioi bat eszenatoki hartuta, orotariko musika eskaini zieten Iparragirre Rock Elkartekoek publiko ziren herritarrei. Burua musikaren hotzarekin batera ederki astindu ostean, Pasealekuan prest zituzten aulkietan eseri ziren, bazkari herrikoia jate aldera. Bapo beteta, bertsolarien konpainiaz gozatu zuten bazkaltzera gerturatu ziren 150 lagunek. Gerora, eta 22:30era arte, ez zen aspertzeko betarik izan herrian; ez, behintzat, musikari zegokionez. Kontzertuei amaiera emon eta tabernetan jarraitu zuten goizean hasitako jaia. Herritarrengandik jasotako erantzuna ona izan zela-eta, «pozik» bukatu zuten eguna Iparragirre Rock Elkartekoek. Dena den, orain arte bezala euren asmoa «Rock&Rallya ez geratzea» denez, Rockomobilaren esperientziagaz geratu, eta datorren urtera begira, Rock&Rallya ospatzea izango dute helburu.
- Bazkari herrikoia Pasealekuan