Langile publikoek bi orduko lanuzteak egin dituzte gaur Lea-Artibain eta Busturialdean, 11:00etatik 13:00etara, LABek deituta, Espainiako Gobernuak aurreikusten dituen murrizketei “ezetz esateko”. Sindikatu abertzaletik azaldu dutenez, “pozik” daude deialdiak izan duen erantzunagaz.
Lanuzteez gain, elkarretaratzeak egin dituzte bi eskualdeetan, udaletxeen aurrean. Lea-Artibairi dagokionez, mankomunitateko hamabost lagunek egin dute bilkura. Ondarroan 25 lagun batu dira, eta Lekeition 64. Busturialdean, Bermeon eta Gernika-Lumon egin dituzte elkarretaratzeak. 40 pertsona batu dira lehenengoan, eta 50 bigarrenean.
Goizeko elkarretaratzeez gain, Gernika-Lumon arratsaldean be batuko dira beharginak eta herritarrak. 16:00etan egingo dute elkarretaratzea, Allende Salazar ikastetxearen aurrean. LABek parte hartzeko deia egin die herritar guztiei, murrizketek “gizarte osoari eragingo” dietela argudiatuta.