Mallukik ingurumena errespetatzen duela dio EAJk
Errigoitiko Olabarri auzoko Malluki industriagunearen egitasmoak zeresana emoten jarraitzen du. Azken urteetan sortutako kritika ugariei erantzunez, industrialdeak hirigintza legedia eta ingurumena errespetatzen dituela esan du EAJk, Bizkai Buru Batzar...
Errigoitiko Olabarri auzoko Malluki industriagunearen egitasmoak zeresana emoten jarraitzen du. Azken urteetan sortutako kritika ugariei erantzunez, industrialdeak hirigintza legedia eta ingurumena errespetatzen dituela esan du EAJk, Bizkai Buru Batzarreko (BBB) kideek Malluki bertatik bertara ezagutu ondoren. Hartara, industriagunearen kontrako kritikak «faltsuak» eta «zorroztasun bakoak» direla nabarmendu du EAJk.
«Busturialdea-Urdaibai biziberritzeko eta enpleguak sortzeko» proiektu horrek legeak eskatutako baldintzak bete ditzan konprometituko dela zehaztu du EAJk, eta udala eta aldundia «azpiegitura horrek ingurua eta ibaiak zainduko dituela bermatzeko behar diren baldinta guztiak bete ditzan lanean» ari direla gaineratu du. «Langabeziak hain gogor astindu duen eskualdean, guztiz bateragarriak dira garapen industriala eta lanpostuak sortzeko ekimena eta ingurumena sortzea», Andoni Ortuzar EAJren BBBren presidenteak adierazi duenez.
BBBren arabera, ezin daiteke Urdaibai heriotza ekonomiko eta industrialera zigortu, kanpoko bisitarientzako postal ederra bihurtuz, baina bertokoei eskualdean bizitzeko eta lan egiteko aukerak eman barik. Ildo horretatik, Autzaganeko eta Bermeoko saihesbideak eta Muxikako eta Errigoitiko industriaguneak garatzeko hartutako konpromisoa berretsi du BBBk. Ortuzarren berbetan, «enplegua sortzea da eta izango da EAJk gobernatutako erakunde guztien lehentasuna».