Iazko aurrekontua %2,26an murriztuko du udalak 2012an
Gernika-Lumoko Udalak 2012rako udal aurrekontua onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran, Bildu koalizioaren aldeko eta EAJ-PNVren kontrako botoekin. Bertan jakinarazi zutenez, udalak 17.658.706,41 euroko aurrekontua izango du; iazkoagaz alderatuz, %2,26an murriztuko du aurtengo aurrekontua, hain zuzen be. Batetik, Gernika-Lumoko Udalak %3,58ko finantza-karga duela azaldu zuen herriko alkate Jose Mari Gorroñok. Izan be, aipatu zuenez, lau kreditu ditu eskatuta udalak; besteak beste, Santanape kiroldegia ordaintzeko dutena –aurten bukatuko dute ordainketa–, eta Astra eraikinari dagokiona –bost urteren buruan bukatuko dute ordainketa–. Bestalde, Iñaki Gorroño Ogasun saileko zinegotziak azaldu zuenez, Ekonomia Jardueren gaineko Zergatik (EJZ) eta Udalkutxatik eratorritako diru sarrera gutxiago aurreikusten dute; hain zuzen be, iazkoagaz alderatuz, 168.045,57 euro gutxiago jasoko ditu udalak partida horri dagokionez. Inbertsioetarako dirua Bestalde, 2012ari begira hainbat inbertsioa egingo dituztela jakinarazi zuten. Besteak beste, Gernika-Lumoko UdalakAstra eraikina atontzeko aurrekontuaren 360.000euro erabiliko dituela aipatu zuten. Horrez gain, beste 237.000 euro Santa Luzioa auzoa urbanizatzen amaitzeko erabiliko ditu. Gainera, erretiratuen elkartean igogailua jartzea aurreikusten dute, eta, horretarako, 18.000 euro erabiliko dituzte. Azkenik, Juan Kaltzada kalearen berrantolaketa-proiektuari jarraipena emonez, 385.000 euroko partida aurreikusi dute. Mugikortasun planaren ikerketari be eutsiko dio aurten udalak, eta, horretarako, 50.000 euro erabiliko ditu. Oposizio taldearen salaketa Atzoko osoko bilkuran EAJ-PNV oposizioko taldeak «batzordeetako koordinazio eza» [...]
Gernika-Lumoko Udalak 2012rako udal aurrekontua onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran, Bildu koalizioaren aldeko eta EAJ-PNVren kontrako botoekin. Bertan jakinarazi zutenez, udalak 17.658.706,41 euroko aurrekontua izango du; iazkoagaz alderatuz, %2,26an murriztuko du aurtengo aurrekontua, hain zuzen be.
Batetik, Gernika-Lumoko Udalak %3,58ko finantza-karga duela azaldu zuen herriko alkate Jose Mari Gorroñok. Izan be, aipatu zuenez, lau kreditu ditu eskatuta udalak; besteak beste, Santanape kiroldegia ordaintzeko dutena –aurten bukatuko dute ordainketa–, eta Astra eraikinari dagokiona –bost urteren buruan bukatuko dute ordainketa–.
Bestalde, Iñaki Gorroño Ogasun saileko zinegotziak azaldu zuenez, Ekonomia Jardueren gaineko Zergatik (EJZ) eta Udalkutxatik eratorritako diru sarrera gutxiago aurreikusten dute; hain zuzen be, iazkoagaz alderatuz, 168.045,57 euro gutxiago jasoko ditu udalak partida horri dagokionez.
Inbertsioetarako dirua
Bestalde, 2012ari begira hainbat inbertsioa egingo dituztela jakinarazi zuten. Besteak beste, Gernika-Lumoko UdalakAstra eraikina atontzeko aurrekontuaren 360.000euro erabiliko dituela aipatu zuten. Horrez gain, beste 237.000 euro Santa Luzioa auzoa urbanizatzen amaitzeko erabiliko ditu. Gainera, erretiratuen elkartean igogailua jartzea aurreikusten dute, eta, horretarako, 18.000 euro erabiliko dituzte. Azkenik, Juan Kaltzada kalearen berrantolaketa-proiektuari jarraipena emonez, 385.000 euroko partida aurreikusi dute.
Mugikortasun planaren ikerketari be eutsiko dio aurten udalak, eta, horretarako, 50.000 euro erabiliko ditu.
Oposizio taldearen salaketa
Atzoko osoko bilkuran EAJ-PNV oposizioko taldeak «batzordeetako koordinazio eza» salatu gura izan zuen. Gainera, EAJko zinegotzi den Ana Hormaetxeren arabera, inbertsioen eranskina falta zaio oposizioko taldeari; «foru-arauak hala ezartzen du-eta». Halaber, aurtengo aurrekontuan alor guztietan murriztu dela, baina jaietarako diru gehiago dagoela be salatu zuen Hormaetxek.
Alkatearen berbetan, «bosgarren urtez jaitsi dira diru-sarrerak»; horregatik, «hainbat proiektuk bidean geratu beharko dute». «Beste aurrekontu bat izatea gustatuko litzaiguke, baina hau da errealitatea; gaur egungo egoerara egokitu behar dugu aurrekontua».