Abian da Saharako umeak udan etxean hartzeko programa
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Fronte Polisarioaren Euskadiko delegazioak ume sahararrak uztailean eta abuztuan herrira ekartzeko Oporrak Bakean kanpaina martxan jarri du, eta bertan parte hartu dezaketen boluntario bila dabiltza. Osasuna da ...
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Fronte Polisarioaren Euskadiko delegazioak ume sahararrak uztailean eta abuztuan herrira ekartzeko Oporrak Bakean kanpaina martxan jarri du, eta bertan parte hartu dezaketen boluntario bila dabiltza.
Osasuna da programa horren helburu nagusia; izan be, «programa horrek umeei osasun-azterketak egitea ahalbidetzen du, eta euren herrialdeko errefuxiatu-esparruetan pairatzen duten elikadura eskasiari aurre egiten zaio». Gainera, 55 gradu baino gehiago izaten dira garai horretan Saharar basamortuan; hala, hilabete bi horietan, behintzat, bertatik ateratzeko aukera emoten zaie ume horiei Fronte Polisarioaren Euskadiko delegazioak abiatu duen kanpainari esker.
Programa horrekin aurrera egin ahal izateko, umeak euren etxeetan jasotzeko boluntarioak gura dituzte. Hala, boluntario horiek programak irauten duen bi hilabetetan euren kargura izango dituzte ume sahararrak. Halanda be, sostengua emoten duten elkarteen laguntza be jasoko dute familia horiek.
Izena emotea hilaren 7ra arte
Aipatu programan parte hartu nahi duten familiek ekainaren 7ra arte izango dute izena emoteko aukera. Dena den, informazio gehiago eskuratu nahi duenak 94 627 02 00 telefonora deitu beharko du