Sorterrira itzuli da Labauria
Bi hilabete arinago kargua hartuta, Jose Labauria zen Gernika-Lumoko alkate Francoren aginduz Italiako eta Alemaniako hegazkinek herria bonbardatu zutenean. Tropa faxistak Gernikan sartzean, baina, herria utzi behar izan zuen Labauriak, eta ez zen inoi...
Bi hilabete arinago kargua hartuta, Jose Labauria zen Gernika-Lumoko alkate Francoren aginduz Italiako eta Alemaniako hegazkinek herria bonbardatu zutenean. Tropa faxistak Gernikan sartzean, baina, herria utzi behar izan zuen Labauriak, eta ez zen inoiz itzuli txiki-txiki eginda utzi zuen herri hartara. Sortzen ikusi zuen Gernika berpizten ikusi barik, 1945ean hil zen. Alabaina, sarraski hartatik 75 urtera, sorterrira itzuli da bonbardaketa garaiko alkatea, Xebas Larrañagak haren omenez egindako busto bat ipini baitu udalak Don Tello kalean.
Bustoaren inaugurazioa egitean, bonbardaketa eguna ekarri du gogora Jose Mari Gorroño alkateak, Labauriak berak eta gernikarrek 1937ko apirilaren 26an «momentu latzak eta gogorrak» bizi izan zituztela aipatuz. «Gizon on bat zen Labauria, alkate on bat. Bere herria maite zuen zen, baina exiliatu beharra izan zuen, kartzela ezagutu zuen eta berak maite zuen herria barriro ikusi barik hil zen». Bustoaren bitartez, baina, «haren memoria goretsiko du behin betiko» Gernika-Lumok. «Adorea erakutsi zuen, eta herri honek ez du inoiz ahaztuko».