Mario Lopez Gernika KESBeko kirol arduraduna da, eta baita Emakumezkoen Bigarren Mailan jokatzen duen taldearen entrenatzailea be. Aurten “denboraldi aparta” egin du taldeak, mailaz mantentzeko helburua betez. Taldeak bigarren mailan jokatu duen lehenengo denboraldia izateko, jokalariak “bikain” moldatu direla deritzo gernikarrak.
Gernika KESBek lehenengoz jokatu du emakumezkoen bigarren mailan bukatu barri duzuen denboraldian. Zer nolako balorazioa egiten duzu?
Oso positiboa. Denboraldi gogorra izan da zentzu guztietan, baina kirol arloan oso pozik gaude. Hamabi partida irabazita amaitu dugu liga, eta aurreikuspenak gainditu ditugu. Uste baino lehenago lortu dugu mailaz mantentzea.
Zer nabarmenduko zenuke?
Taldeko jokalariek maila barrira ohitzeko izan duten erraztasuna. Maila barriak dedikazio gehiago eskatzen du, eta jokalariak bikain moldatu dira. Ustekabe atsegina izan da, egia esan. Denboraldia lau partida galduta hasi arren, jokalariek bikain erantzun dute.
Sailkapenari erreparatuz gero, erraz bete duzue mailaz mantentzeko helburua. Erraza izan al da?
Ez da izan batere erraza. Talde bat egon da guztien azpitik, baina gainontzeko taldeok antzeko maila izan dugu. Azkenengo taldearen kontra izan ezik, irabazi ditugun gainontzeko partidetan asko sufritu behar izan dugu aldeko emaitza lortzeko. Bigarren Mailan esperientziarik izan ez arren, irabazteko gaitasuna dugula ikustea itzela izan da.
Hamabi partida irabazi dituzue eta sailkapenaren goikaldeko zenbait talde estu hartu dituzue. Hobetzeko tarterik ba al dago?
Baietz uste dut. Jokalari gehienak etxekoak dira eta, zentzu horretan, etxeko jokalariei hobeto jokatzen erakutsi behar diegu, hazten jarraitze aldera. Beste aurrerapauso bat emoteko, lehenengo lau sailkatuetako bati irabaztea lortu behar dugu. Aurten hurbil ibili gara; 2012-2013 denboraldirako erronketako bat da.
Harrobiko zazpi jokalari dituzue taldean. Zer moduz moldatu dira?
Harrobiko jokalarientzat esperientzia barria izan da, baina ederto moldatu dira. Gogor lan egin dute, eta emaitza oso onak lortu dituzte. Gernika KESBek aurrekontu txikia dauka maila profesionalean jokatzeko, baina jokalariek ez dute etsi. Oso gustura nago, maila honetan jokatzeko gai direla erakutsi baitute.
Iazko denboraldiagaz alderatuz gero, zein izan da ezberdintasun nagusia?
Arlo fisikoa. Zentzu horretan talderik ahulena gara, eta ariketa bereziak egin behar izan ditugu.
Mailaz mantentzeko gakoa zein izan da?
Gakoa Malosten egon da. Etxeko partidak irabaztea ezinbestekoa zen, eta helburua bete dugu. Datorren urtean be Malosten egongo da gakoa. Gainera, zaleen babesa apartekoa izan da etxeko partidetan. Gure ametsik gozoenetan be ez genuen horrelako giroa aurreikusten. Harrobiko jokalari gehien erabiltzen dituen taldea gara, eta horrek zaleak gehiago inplikatzea ahalbidetzen du. Ederra da bi asterik behin 400 pertsona batzea harmailetan.
Taldearentzat zer suposatzen du harrobiko jokalariekin goi mailan lehiatzea?
Taldearentzat ohore bat da etxeko jokalariekin goi mailan lehiatzea. Bi estatubatuar eta durangar bat ditugu, baina gainontzeko zazpi taldekideak hemen hasi ziren saskibaloian jokatzen. Halanda be, maila pertsonalean gehiago betetzen dit Maloste jendez gainezka ikusteak.
Zein izan da taldeak izan duen arazo larriena denboraldian zehar?
Arazo larriena diru falta izan da. Gerardo Candina presidenteak sekulako lana egin behar izan du proiektu hau aurrera ateratzeko. Aurten 150.000 euro inguruko aurrekontua izan dugu, eta nahiko justu ibili gara. Lehenengo taldearen gastuak ordaintzeko, esaterako, 120.000 euroko aurrekontua behar izan dugu. Herriko ate guztiak jo behar izan ditugu dirua lortzeko.
Maila pertsonalago batean, zer suposatzen du entrenatzaile batentzat ezarritako helburuak bete direla ikusteak?
Helburuak bete direla ikustean poztasun handia sentitu dut. Denboraldia ez da erraza izan, baina bikain moldatu gara. Gernika-Lumo bezalako herri batentzat handia da emakumezkoen bigarren mailan mantentzea. Apustu handia egin genuen, eta proiektua bide egokitik doala ikustea pozgarria da.
Bigarren denboraldiari zer eskatzen diozu?
Lehenik eta behin, aurten bezain ondo ibiltzea. Bigarren denboraldia zailagoa izaten dela esan ohi dute, baina beste urtebetez egon gura dugu bertan. Taldeko entrenatzaile, laguntzaile eta arduradun guztiek lan handia egin dute azken urteetan, eta fruituak batzen jarraitu gura dugu.
Duela gutxi Euskal selekzioaren entrenatzaile izendatu zintuzte. Zer moduz hartu zenuen albistea?
Nazioen Txapelketa baino bi aste lehenago galdetu zidaten emakumezko taldearen entrenatzaile postua gura nuen, eta segituan esan nuen baietz. Oso polita da bertoko jokalari onenen entrenatzailea izatea, eta gustura esan nuen baietz. Txapelketa ofizialik jokatzeko akerarik izan ez arren, oso pozik nago. Zure estatuko jokalariak entrenatzea gauzarik ederrena dela deritzot.
Harritu egin zintuen Federazioaren erabakiak?
Egia esan, bai. Selekzioa gidatzea ederra izango litzatekeela pentsatzen nuen, baina ez nuen Federazioaren deirik espero.
Galizian jokatutako Nazioen Txapelketan Gernika KESBen zortzi kide egon dira. Ez da izango entrenatzailea talde berekoa delako ezta?
[Barreak] Ez, ez dauka zerikusirik. Talde teknikoa nik aukeratzen dut, eta jokalari onenak eroan nituen Galiziara. Judith Monasterio eta Nerea Moreno ohikoak dira Euskal selekzioan. Izaskun Garciak eta Maite Goirienak, bestalde, denboraldi ederra egin dutela deritzot, eta bertoko selekzioagaz jokatzeko hautatu nituen. Euskal selekzioagaz be oso ondo jokatu dute, eta horrela jarraituz gero, gehiagotan jokatuko dute.
Espainiako selekzioaren laguntzaile be bazara, ezta?
Bai. Espainiako emakumezkoen selekzioei laguntzen diet, eta udan, esaterako, Munduko Txapelketa jokatzera goaz Herbereetara. Hamazazpi urtez azpikoen txapelketa jokatzen da bertan.