Solluben egingo dute aurton Deiadar Mendien Eguna
Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zela-eta 2004. urtean hasitako ohiturari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurten be Deiadar Mendien Eguna antolatu dute domeka honetarako. Aurton, gainera, Bermeoko Sollube mendian izango da ospaki...
Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zela-eta 2004. urtean hasitako ohiturari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurten be Deiadar Mendien Eguna antolatu dute domeka honetarako. Aurton, gainera, Bermeoko Sollube mendian izango da ospakizuna. Solluberekin batera, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira bost deiadar mendiak.
Antzina bost mendi horien tontorretatik adar hotsarekin egiten zuten Gernikako Batzar Nagusirako deia. Urtean behin horietako mendi baten egiten da ospakizuna eta aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da.
Urtean behin egiten duten mendi igoera hori Batzar Nagusiek bost mendi talderekin elkarlanean antolatzen dute: Balmaseda, Gailurra, Ganzabal, Sollube 707 eta Alpino Tabira.
Taraskan, 09:30ean
Domekan egingo duten Solluberako igoerarako Bermeoko Taraska plazan ipini dute hitzordua 09:30ean. Handik Sollubeko tontorrerantz abiatuko dira Artika auzotik, hain zuzen. 12:00ak inguruan aurreikusi dute gora iristea eta tontorretik bertatik Batzar Nagusirako deia egingo dute urtero egin legez, Erdi Aroan egiten zuten moduan.
Ondorren, mokadutxoa jateko aukera izango dutela azaldu dute Sollube 707 mendi taldeko arduradunek. Txistulariak eta dantzariak be izango direla baieztatu dute, «jai giroan murgiltzea da helburua», esan dute. Adarra jo eta gero, urtero egin legez, oparia emongo diote parte hartu duten mendizale guztiei.