Jendez gainezka egon da Bizkargi bizia galdu zuten gudariak omentzeko
Maiatzeko lehenengo domeka guztietan bezala, aurten be Bizkargi mendiko tontorra jendez gainezka egon da mendi horretan bizia galdu zuten gudariak omentzeko asmoagaz. Umeak, gazteak, helduak eta adinekoak jai giroan igo ziren mendi gainera, baina alda...
Maiatzeko lehenengo domeka guztietan bezala, aurten be Bizkargi mendiko tontorra jendez gainezka egon da mendi horretan bizia galdu zuten gudariak omentzeko asmoagaz. Umeak, gazteak, helduak eta adinekoak jai giroan igo ziren mendi gainera, baina aldarrikapena ahaztu barik. Izan be, Bizkargikoa 36ko gerraren bataila ankerrenetako bat izan zen, eta hainbat gudarik galdu zuten bizia mendi tontor horretan Euskal Herria tropa faxistengandik babesteagatik.
Urtero bezala, Muxikatik, Morgatik, Larrabetzutik eta Zornotzatik igo zen jende gehiena. Bakoitza bere erritmoan, mendi tontorrera heldu ziren mendizaleak, eta behin gora helduta, jai goriagaz gozatzeko aukera izan zuten.
Eguerdi aldera, bestalde, ekitaldi xume bat egin zuten bildutakoek, baselizaren aurrealdean. Txalapartarien doinuekaz hasi zen ekitaldia, eta ostean Etxahun Lekuek, Javier Arriaga Txiplasek, eta Onintza Enbeitak zenbait bertso bota zituzten.
Amaitzeko, Basauriko musika talde batek zenbait abesti jo zituen, eta bildutakoek dantza egiteko aukera izan zuten, beherako bidea hartu aurretik.