Bird Centerrek boluntarioak eskatu ditu ikerketa bat egiteko
Bizkaian eta bereziki Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta inguruan Antzandobi arruntaren (Lanius collurio) eraztunketa eta geolokalizadore bidezko markaketa kanpaina egingo du Urdaibai Bird Centerrek (Aranzadi Zientzia Elkarteak), espezie horren ugaltze-populazioaren dinamika jarraitzeko eta Europa ekialdeko beste lurralde batzuekin duen konektibitatea aztertzeko helburuagaz. Ikerketa horretarako, baina, boluntarioak behar ditu Gautegiz Arteagan dagoen zentroak.
Alde batetik, espezie hori «Europan jasaten ari den gainbehera nabarmenaren jatorria» ezagutu gura du Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketaren bitartez, eta, bestetik, erabiltzen duen migrazio bidea zehaztu gura du, berriki Afrikan ingurumenari eragin dioten gertakariek Europako ugaltze-populazioetan izan dezaketen eragina aztertuz.
Boluntarioak, detekziorako
Ugaltze-lekuen prospekzioa egiteko behar ditu Gautegiz Arteagako zentroak boluntario horiek, batez be, bikote habiagileen detekziorako; baita «dagokionean zentroko ikerketa-taldeari laguntza emateko be», zehaztu dutenez. Proiektuan ornitologian jakituna izatea ez dela ezinbestekoa nabarmendu dute Urdaibai Bird Centerretik, edozeinek parte har dezakeelatik.
Azaldu dutenez, hil honetan bertan hasi eta ekainera bitartean ariko dira beharrean ikerketa horretan. Izena emoteko aranzadi@birdcenter.org helbide elektronikora bidali beharko da mezu bat, izenburuan Lanius proiektua adierazita. Mezuan, gainera, izen-abizenak, bizilekua eta ornitologia arloko ezagutza maila zehaztu beharko da (ezer ez, baxua, ertaina, altua).
Maiatzaren 14an amaituko da boluntario legez izena emoteko epea. Ondoren, maiatzaren 15ean Urdaibai Bird Centerren bertan batzar bat egingo dute, 19:00etan. Proiektuari buruzko lan-egitaraua eta metodologia zehaztuko dituzte bileran. Informazio gehiago, dena den, www.birdcenter.org webgunean aurki daiteke.