75 urte atzera, geroa be gogoratzeko
Egia, aitortza, oroimena, bakea, autodeterminazioa… Hainbat izan dira Gernika-Lumon egin dituzten aldarrikapenak. 75 urte bete ziren Francoren aginduz Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Gernika-Lumo eta bere hiritarrak bonbardatu zituztela. 5.771 bonba, ehunka hildako eta ehunka zauritu.
Urteurren honetan bereziki, etorkizunean bakea lortzeko iragana ez ahanztearen garrantzia aldarrikatu dute. Duela 75 urte faxistek Gernika-Lumon eragindako sarraskia gogoratzeko, hainbat herritar kalera atera dira. Sirenak hotsak hartu zuen herria 15:45ean, eta hainbat izan dira Erian, San Kristobal plazan eta Errenteriako zubian bat egin duten herritarrak, Gernika 04 minutu ekimenagaz bat eginez. Sirenak jo bitartean geldiune isila egin dute, 1937ko apirilaren 26an bonbardaketa hasi zen une hura gogora ekarriz. «Pentsatzeko, gogoratzeko, gure guraso edo aiton-amonek kontatu eta bizi zutena oroitzeko minutuak» izatea zen ekimenaren bultzatzaileen xedea.