
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, gertaera gogoratu bai, baina Euskal Herriaren izaerari zein iraganari buruzko hausnarketa sustatu gura izan du Gernika 1937-2012 ekimenak, eta gaur arratsaldean Jai Alai frontoian ikusi ahal izan den
Hemen gaude ikuskizuna izan da horren adibide. Musika eta antzezlana uztartuz, bonbardaketaz haratago, historiari begiratua egin diote Rafa Ruedak, Gotzon Barandiaranek eta Kukubiltxo antzerki taldeak. Saio ikusgarri baten bitartez, euskal nazioa “egitera” deitu dituzte ikusleak, “egiten duguna izango garelako”.
Ugariak izan dira antzezlanaredn bitartez ikusleei helarazitako mezuak. Hala, eskubidea baino gehiago autodeterminazioa euskaldun guztion obligazioa dela aldarrikatu dute. “Arduradunak eta atiboak izan behar gara… Libre izateko eskubidea obligazioa da”. Euskaldunon hizkuntza be ezin zitekeen aipatu barik geratu,
Aberriaren mugak abestiak dioena bere eginez: “Euskara zabalduaz lau haizetara zabalago egiten gara”.
Lau pertsonaia izan ditu antzezlanak. Protagonista zalantza ugari dauzkan euskalduna izan da eta beste laurak haren kontzientzia, euskaldun sentitzeko areagotuz edo gutxituz. Rafa Ruedak eta bere taldeak, bestetik, Txomin Artolaren, Benito Lertxundiren eta Ken Zazpiren lanak interpretatu dituzte, antzezleen lana borobilduz.
Bizirik iraun duen herria
Ikuskizuna amaitzerakoan Gernika 1937-2012 ekimeneko Sabin Ibazetak hartu du hitza. Haren esanetan, “isiltasunera behartu” zuten Gernika 1937ko apirilaren 26an, baina Gernikak eta, oro har, Euskal Herriak, bizirik irauten jakin dutela ekarri du gogora. “Garrasia hor dago, ikusi zaldia; aldarria hor dago, ikusi eskua zabalik; kantua hor dago, ikusi txoria”. Herritar soila izanda, euskaldun izateaz “harro” dagoela esan du Ibazetak.
Ekitaldirik garrantzitsuena izan arren,
Hemen gaude ikuskizuna ez da gaurko bakarra izan. Goizean goiz igarri zitekeen festa giroa herriko kaleetan. Kale animazioaz gain, eguedian lip-dub erraldoi bat grabatu dute herri erdian, hainbat talde eta eragileren parte hartzeagaz. Eguerdian, bestalde, herri bazkari batean bildu dira 600 lagun inguru. Kontzertuekin bukatuko dute eguneko egitaraua. Hain zuzen, Deskontrol, Memoria de pez, Sarkor, Deslai, Bullets of Misery, Bertan Bera eta Tximeleta taldeen kontzertuak izango dira, Pasealekuan.
Biharko egunari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ariko dira kalez kale goizean zehar eta, ondoren, 13:00etan, Gernika eta Gernikak oroimenean ekitaldia egingo dute Foru plazan. Joseba Tapiaren saioa; bonbardatutako Bizkaiko gainontzeko herriei omenaldia, borrokalari eta biktimei omenaldia eta poema irakurraldia egingo dituzte. Edibe Sahin Dersim hiri kurduko alkateak, bestetik, 1937ko genozidioa azalduko du. Arratsaldean Bertso-tramak hartuko du erreleboa. Josu Goikoetxea tramagilearen esanetara ariko dira Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elorza eta Onintza Enbeita, 17:00etatik aurrera, Lizeo Antzokian.