Kosta Mugapearen lana «marea biziek» egin izana salatu du Elantxobeko Udalak
Martxoaren 27an Elantxoben hilda agertu zen Iparraldeko Baleak zeresana emoten jarraitzen du, duela aste beteko marea biziek balearen gorpua herrigunetik kilometro pasatxora aldendu arren. Koldo Olagibel Elantxobeko alkatearen berbetan, “balea a...
Martxoaren 27an Elantxoben hilda agertu zen Iparraldeko Baleak zeresana emoten jarraitzen du, duela aste beteko marea biziek balearen gorpua herrigunetik kilometro pasatxora aldendu arren. Koldo Olagibel Elantxobeko alkatearen berbetan, “balea arazo bat zen bertoko biztanleentzat, eta arazo horri irtenbidea emoten ahalegindu ziren bakarrak Ambar elkarteko kideak dira”.
Alkatearen ustez, Espainiako Kosta Mugapeko arduradunek lehenago agindu behar zuten balea herri ondotik eroatea, baina “eskuak garbitu” zituzten. Hala, “zortea” izan dutela deritzo Olagibelek, marea biziek Kosta Mugapearen lana egin baitute.
Balea herrigunetik aldenduta, “pozik” azaldu da Olagibel. Dioenez, “balea dagoen lekura heltzea zaila da, eta horrenbestez, ez da egongo pertsonak kutsatzeko arriskurik”. Izan be, baleak trasmititu zitzakeen “gaixotasunak” ziren arazo larriena alkatearen ustez. “Balea animalia ugaztuna da, eta hortaz, gainontzeko ugaztunak kutsatzeko arriskua zegoen” azaldu du Olagibelek.
Elantxobeko alkatearen berbetan, “uda guztian zehar balea herritik 300 metrora usteltzen utzi behar zutela pentsatzen hasi ginen herrian”, baina marea biziek hiru biderrez hurrundu zuten ugaztun erraldoiaren gorpua.