Dagoeneko 200 duatletek emon dute izena Gernika-Lumoko proban parte hartzeko
Gernika-Lumoko duatloia hilaren 14an jokatuko dute 400 duatleta inguruk. Eskualdeko proba zita garrantzitsua da bertoko duatletentzat, eta aurten be, “maila altua” egotea aurreikusten dute antolatzaileek. Abel Marcos Urdaitri taldeko kidea...
Gernika-Lumoko duatloia hilaren 14an jokatuko dute 400 duatleta inguruk. Eskualdeko proba zita garrantzitsua da bertoko duatletentzat, eta aurten be, “maila altua” egotea aurreikusten dute antolatzaileek. Abel Marcos Urdaitri taldeko kideak azaldu duenez, “200 duatleta inguruk emon dute izena, baina normalean, azken astean emoten dute izena gehienek”. Hala, aurreko urteetako lasterketekin alderatuz gero, “antzeko parte hartzea” izango dute aurten be.
Halan da be, aurten lasterketa antolatzeko “arazo handi bat” izan dute. Marcosek dioenez, “diru arazoak” izan dituzte, baina “argi” zuten proba antolatzen jarraitu behar zutela, eta aurrera egitea erabaki zuten.
Diru faltagatik, esaterako, atzerriko korrikalarien “kopuruak behera” egingo du. Marcosen berbetan, Gernika-Lumokoa lasterketa “oso erakargarria” da duatletentzat, baina “dirua batzeko arazoak” izan dituzte. Bestalde, gauza bat eskatu du bakarrik: “lasterketaren egunean eguraldi ona egitea”. Hala gertatzen bada, herritar guztientzat “egun ederra” izango dela deritzo.
Izena emoteko epea apirilaren 13an zarratuko dute antolatzaileek. Ordura arte, http://www.triatloi.org helbide elektronikoan emon dezakete izena lasterketan parte hartu gura dutenek.