"Ikarazko oihuak" herriko musika taldeen soinuagaz estaliko ditu Gernika Batzordeak
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenagaz bat egiteko egitarau zabala antolatu du Gernika Batzordeak apirilaren 19tik 26ra bitartean, “gure herria eta Gernikatutako herri guztiak aintzat hartzeko agergune bilakatuz”. Ekimen ezberdine...
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenagaz bat egiteko egitarau zabala antolatu du Gernika Batzordeak apirilaren 19tik 26ra bitartean, “gure herria eta Gernikatutako herri guztiak aintzat hartzeko agergune bilakatuz”. Ekimen ezberdinez sortutako egitaraua aurkezteko, bestalde, bitarteko ezberdinak erabili dituzte; horien artean, asteburuan aurkeztutako bideoklipa.
Apirilaren 19tik 26ra bitartean ekimen ugaritan parte hartu ahal izango du herritarrak. Besteak beste, apirilaren 21eko kontzertuekin gozatzeko aukera izango dute. “Duela 75 urte bonben soinuz estali zituzten Gernika eta beste hainbat herri. Bonben soinu horiek pertsonen ikararen ondorioz sorturiko oihuez nahastu ziren, tamalez”, gogorarazi zuten. Hori horrela, ikarazko oihu horiek Gernika-Lumoko taldeen musikaz estaltzea pentsatu zuten Gernika Batzordekoek. Hala, herriko hainbat taldegaz batera, Des-Kontrol eta Tximeleta taldeak izango dira gernikarren artean apirilaren 21ean.
“Doluzko egunak” biziko dituzte herritarrek, Gernika Batzordekoen esanetan, baina, era berean, egun horiek aldarrikapen gisa be erabiliko dituzte Gernika Batzordekoek. Hain zuzen be, gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoerari buelta emon eta askatasuna, bakea eta autodeterminazioa aldarrikatuko dituzte egun horietan.
Gernika ez ezik, beste hainbat herri be “Gernikatuak” izan zirela eta gaur egun, toki askotan “Gernikak” gertatzen ari direla gogorarazi zuten bideokliparen aurkezpenean.