Emaitza onak lortu dituzte Bermeoko dantzariek
«Pozik» agertu da Jabier Setien areto dantzetako irakaslea Bermeoko bikoteek domekako txapelketan lortutako emaitzekin. «Gero eta maila hobea dago gure dantzarien artean», esan du. Izan be, Artza frontoian jokatu zen VI. areto dantzen txapelketako ...
«Pozik» agertu da Jabier Setien areto dantzetako irakaslea Bermeoko bikoteek domekako txapelketan lortutako emaitzekin. «Gero eta maila hobea dago gure dantzarien artean», esan du. Izan be, Artza frontoian jokatu zen VI. areto dantzen txapelketako kategoria gehienetako lehen postuak bermeotarrentzat izan ziren. Guztira, 35 bikote izan ziren lehian, iaz baino bikote gutxiago baina zifra «polita», halanda be. Portugaletetik, Zornotzatik, Bilbotik eta Gernikatik etorritako bikoteak izan ziren. Horiei Bermeoko Xixili taldeko bikoteak gaineratuz.
Setienek azaldutakoaren arabera, «areto dantzek jarraitutasuna dutela erakutsi du txapelketak, eta dagoen maila, gainera, gero eta hobea da».
Txapelketa ikustera hurbildutako jendea be aipatu du Setienek, eta alde horretatik be «oso pozik» dago irakaslea. Bere esanetan, «Artza frontoia % 80an bete zen eta hori pozgarria da. Ikusleak barik ez litzateke bardina izango».
Bermeotarren arrakasta
Hainbat sari jaso zituzten Bermeoko bikoteek. Nabarmentzekoak dira, gainera, Mari Jose Terrazasek eta Ines Goirik eta Joseba Ugaldek eta Hiart Latxagak osatutako bikoteek. Izan be lehen postuak lortu zituzten bai kategoria estandarretan eta baita latinoetan be.
Bermeoko umeek be maila «oso ona» agertu zutela azaldu du Setienek eta lehen postua be Garazi Lertxundirentzat eta Maialen Enbeitarentzat izan zen.