LZParen erabakian herriari parte hartzen uzteko eskatu diote BFAri
Gaur goizean Busturialdeko eta Lea-Artibaiko Bilduko ordezkariek LZParen inguruko prentsaurrekoa emon dute Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bertan, herriari parte hartzen utz diezaiola eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, era berean, eskualde bietako udaletan onartutako mozioari erantzun diezaion.
Bilduko alkate eta zinegotziek Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetarako diseinatutako LZP-gaz ez dutela bat egiten adierazi dute beste behin. Horien esanetan, «eskualde bi horiek ez dute zerikusirik, eta zerbitzu aldetik zein komunikazio aldetik LZP bardina izatea zentzu gabea da».
Halaber, plan horretan parte hartzeko aukerarik ez izana salatu dute: «eskualde horietako bizilagunek ezin badute euren etorkizuna erabaki, nork erabakiko du euren partez?». Erakundeagaz lan egiteko prest agertu da Bildu, «baina beti herritarrak kontuan hartuta». Eta hori horrela izan daiten, karguek ahalbidetzen dieten guztia egingo dutela diote.
Besteak beste, politika publikoetan eragiteko gaitasuna bermatzea eta erabakitzeko esparruetara pertsona ororen sartzea erraztea eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari.
Bestalde, EAJk zenbait herritan izan duen «jarrera lotsagarria» salatu dute gaur goizean; izan be, Bildukoen ustez, «ardurarik barik jokatzen ari dira».