Urdaibai Eskubaloi Taldeak «momentu historiko bat» bizi du. Denboraldia amaitzeko partida bakarraren faltan, gizonezkoen nagusien taldeak liga garaikurra irabazi du dagoeneko, eta 2012-2013 denboaldian Bizkaiko Lehenengo Mailan jokatuko du lehenengo biderrez. Taldetik azaldu dutenez, “pozarren” daude, denboraldian zehar egindako lanak fruitua emon baitu. Urdaibaikoek sei denboraldi egin dituzte Bizkaiko Bigarren Mailan, baina inoiz ez dute mailaz igotzeko aukera izan. Hala, aurten igoera lortzea “ezustekoa” izan dela azaldu dute. “Sailkapenaren erditik behera amaitu dugu beti, eta horrenbestez, ezinezkoa zen hau aurreikustea liga hasieran” diote. Denboraldiak aurrera egin ahala sinistu dute “ametsa egi” bihurtu zitekela. Liga irabazteko gakoa, “lana” izan da taldekideen ustez. Sailkapenaren goikaldean egoteak jokalariak motibatzen dituela, eta horrenbestez, hobeto entrenatze dela argudiatzen dute. Hala, hurrengo denboraldian bide bardinetik jarraituz gero, mailaz mantentzea lortuko dutela deritzote. Liga irabazteko partida erabakiorra “uste baino errazago” irabazi zuten bertokoek, iragan domekan. Deustuko taldea bertokoen ospakizuna “atzeratzeko helburuagaz” zelairatu zen, baina Urdaibai gehiago izan zen. Partidaren hasieran ihes egin zuen, eta deustuarrek ez zuten markagailuari buelta emoteko aukerarik izan. Azkenean, 36-25 irabazi zuten partida.
Iaz Gernika-Lumon egindako greba orokorrean identifikatutako pikete informatibo bakoitzarentzat fiskalak 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu du, hiruna delitu egotzita; ebasketa delitua, kalte materialak eragitea eta langileen eskubideen aurkako delitua, hain zuzen be. Guztira, hamazortzi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak iazko urtarrilaren 28an Gernika-Lumon egindako greba orokorrean. «Ertzaintza alboan geneukala zabalik zeuden komertzioetan eskuorriak banatu eta inolako indarkeria barik herriko kale nagusietatik ibili ondoren, identifikatu egin gintuzten, Erkoreka supermerkatuan furgoneta baten gurpil bat zulatu zela esanez», azaldu dute auzipetutako 18 lagun horiek. Salaketa bertan behera gelditu bada be, fiskalak, guztira, 72 urteko kartzela zigorra eta 108.000 euroko isuna eskatu du auzipetutako horientzat. «Tamainako eskaera» horrek helburu bakarra duela uste dute auzipetutakoek: «martxoaren 29ko greba orokorra baldintzatzea, herritarrak mehatxatuz». Greba eskubidea bermatuz Gertaeraren barri emoteko egin zuten prentsaurrekoan, «langileen eskubideak defendatzearren» epaituko ziztuztela salatu zuten inputatuek iaz. «Pikete informatiboen arrazoia greba eskubidea bermatzea» zela azaldu zuten, «herritarren protestatzeko eskubidea bermatzea», alegia. Era berean, langileek grebarako duten eskubidea «gero eta mugatuago» dagoela kritikatu zuten prentsaurrekoan, «prekaritateak greba eskubidea guztiz mugatzen duelako». Dena den, egoera horren aurrean ez dutela greba eskubidea ukatzerik aitortu dute; izan be, Euskal Herrian eredu sozial barri bat eraiki behar dela argi dute: «eredu [...]