Busturialdeko eta Durangaldeko bertsolari gazteak bertso saioan
Busturialdeko bertsolari gazteek ez dute jokatuko BBK sariketaren finala, Durangaldeko taldearen kontra galdu ostean. Bertoko bertsolariek, atzo jokatu zuten finalerdietako bat Markina Xemeineko Lea Artibai Ikastetxean, baina ezin izan zuten finalera joateko txartela eskuratu. Durangaldeakoek nagusitasunez irabazi zuten 50 puntuko aldea lortuta, eta horrenbestez, bertoko bertsolari gazteek finalerdietan esan diote agur txapelketari.
Hemezortzi urte artekoen mailan, Koldo Gezuragak, Eneko Aldamak eta Asier Galarzak egin zuten bertsotan Busturialdearen izenean. Bertokoak nahiko ondo moldatu ziren, baina azkenean hemezortzi puntuko aldeagatik galdu zuten.
19-24 urte bitarteko bertsolarien artean, bestalde, Gurutz Uruburuk, Nagore Beitiak eta Jone Larrinagak parte hartu zuten eskualdearen izenean. Bertoko bertsolariek ez zuten asmatu, eta nagusien mailan finalerdietako puntuaziorik baxuena (176) lortuta, ez zuten kanporaketari buelta emoteko aukerarik izan. Durangaldeakoek ez zuten hutsegin, eta erraz sailkatu ziren 210 puntu lortuta.