Frantziak Jabi Abaunza estraditatuko du eguenean, Audientzia Nazionalak eskatuta
Jabi Abaunza preso gernikarra Espainiara estraditatuko dute eguenean, Audientzia Nazionalak eskatuta. Hain zuzen, auto bat lapurtzea leporatzen diote oraingoan Abaunzari, eta epaitu egingo dute auzi horregatik. Estradizioa, baina, behin-behinekoa izango da, gaur egun Frantziak ezarritako zigorra betetzen ari baita. Auzi desberdinengatik, lau aldiz epaitu dute Frantzian, eta hogeita hamar urtetik gorako zigorra ezarri zioten. Gaur egun Moulins-Yzeure espetxean ari da zigorra betetzen.
Ez da Abaunza Espainian epaitzen duten lehenengo aldia. Izan be, 2007. urtean be espainiaratu zuten Frantziatik, eta bi auzitan epaitu zuten. 2009. urtean 35 urteko zigorra jarri zion Espainiako Audientzia Nazionalak Espainiako Auzitegi Nagusiko epailea zen Rafael martinez Emperador hiltzeagatik. Dena den, epaiketa hartan ezin izan zuten frogatu Abaunzak hil zuenik.
Ibon Goieaskoetxea kartzelaz aldatuko dute
Frantziako Villepinte espetxean dagoen Ibon Goieaskoetxea busturiarra kartzelaz aldatuko dute bihar. Hain zuzen, Lyon inguruan dagoen Villefranche Sur Saone espetxera eroango dute, eta euskal preso politiko bakarra izango da kartzela horretan. Lekualdatzeagaz, beraz, urrundu egingo dute Goieaskoetxea, eta hori salatzeko gose greba hasi zuten Villepinteko presoek otsailaren hasieran, eta dagoeneko hamabosta egin dute baraualdian.
Atzo, familia ikusteko, Natxituara ekarri zuten Kepa Arronategi preso gernikarra, bestalde, Basauriko espetxean izango dute egun batzuetan. Eguenerako aurrez aurreko bisita onartu diote Arronategiri, Basaurin.